Iruñean izandako sexu erasoa salatu dute Itaiak eta Saretuk

Ortziralean izan zen erasoa. Lau gizonezko atxilotu dituzte.

Saretuk eta Itaiak deitutako elkarretaratzea, gaur, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Saretuk eta Itaiak deitutako elkarretaratzea, gaur, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2025eko urriaren 29a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Udaltzaingoak lau gizonezko atxilotu zituen atzo, egotzita emazteki bati sexu erasoa egin izana ortziralean, Karpa Unibertsitarioa festaren testuinguruan. Atzo jakinarazi zuten, eta gaur bertan elkarretaratzea egin dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. «Unibertsitateko Karpa jaialdian, lau gizonek emakume bat bortxatu zuten, taldean. Irmoki salatzen dugu gertakaria, eta gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu eraso dioten emakumeari», adierazi dute. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak eta Saretu NUPeko emakume taldeak egin dute deialdia. 

Agerraldian erran dutenez, emakumeak dira «gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak» indarkeria matxistako kasuetan: «Gu gara kalean seinalatuak garenak eta errudun sentiarazten gaituztenak, gu gara babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak».

Saretuk eta Itaiak deitutako elkarretaratzea gaur, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Saretuk eta Itaiak antolatutako elkarretaratzea, gaur, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hain zuzen, Leire Olariaga Itaiako kideak adierazi du ortziraleko sexu erasoa «kasu bakan bat izatetik urrun, indarkeria matxistaren beste adibide gordin bat» dela. Halaber, erran du ideia erreakzionarioen gorakada dela-eta matxismoa «normalizatzen» ari dela, «indarkeria matxista ukatzeraino»: «Ideologia ultraeskuindarrak, alde batetik, indarkeria matxista ukatzen du, eta mahai gainean jartzen ditu emakumeen eskubideen aurkako posizioak. Eta, bestetik, indarkeria matxista erabiltzen du mezu arrazistak eta klasistak zabaltzeko eta sustatzeko». 

Horren aurka posizionatzera, antolatzera eta erasoei erantzun irmoak ematera deitu du.

Garazi Miguel mintzatu da Saretu taldearen izenean, eta gogoratu du taldekoek kanpaina bat abiarazi zutela Unibertsitate Karparen jai eredua salatzeko. «Horren harira, NUPek ez ikusi egitea erabaki zuen. Are, iaz informazio puntu bat jartzeko eskaera egin genuen, eta ukatu zuten», borobildu du. 

Iruñeko Udalak ere «erabateko arbuioa» azaldu du erasoari dagokionez, eta «babesa eta elkartasuna» adierazi emakumeari eta haren gertukoei: «Emakumeentzako hiri librea nahi dugu, eta berdintasunaren alde jarraituko dugu lanean, emakumeen kontrako indarkeria amaitzeko biderik behinena delakoan». Bihar eguerdian elkarretaratze isila egingo dute. Nafarroako Gobernuak, berriz, «gaitzespen irmoa» agertu du.

Lau atxilotu

Emaztekiak salaketa jarri zuen, eta atzo lau gizon atxilotu zituzten, sexu erasoa egitea leporatuta. Ortziraleko 22:00 aldera jazo zen erasoa, Amaia Kirol Hiritik gertu —han zegoen ezarria karpa—, Media Luna parkean. Zenbait hedabidek argitaratu dutenez, emakumea konortea erdi galduta aurkitu zuen lagun talde batek. Foruzaingoa eta udaltzainak bertaratu ziren, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Era berean, sexu erasoei aurre egiteko protokoloa abiatu zuten.

Azaldu dutenez, DNA probak egiteko agindu du poliziak, eta emaitzen zain daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.