Iruñeko babes ofizialeko 500 etxebizitza merkatu librera eraman nahi dituztela salatu dute

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, 2020an galdu zuten babes ofizialeko kalifikazioa, baina Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen jarraitzea adostu zuen. Jakinarazi dutenez, Testa Residencial enpresak horiek erosteko asmoa du.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta bizilagunek sortutako batzarra. IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta bizilagunek sortutako batzarra. IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTAK UTZITAKOA
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 11
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Etxabakoitz, Arrotxapea, Sanduzelai, Buztintxuri eta Artikaberri auzoetako hainbat bizilagun beren etxea galtzeko arriskuan daude, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez. Auzo horietako 500 etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galdu zuten 2020an, baina Nafarroako Gobernuak horiek 2027. urtera arte diruz laguntzen jarraitzeko akordioa egin zuen Testa Residencial enpresarekin; alabaina, sindikatuak salatu du konpainia horrek etxebizitzak merkatu librera eraman asmo dituela. 

Sindikatuaren arabera, Madrilgo enpresa horrek «erosketa masibo bat» egin zuen auzo horietan 2018an, «Black Stone putre funts nagusiaren finantzaketari esker», eta, hala, Grupo Larrabide enpresak Nafarroan duen ordezkari eta kudeatzaile bakarra bihurtu zen. Bi urteren ondoren, 2020an, Nafarroako Gobernuak akordio bat erdietsi zuen Testa Residencial enpresarekin: konpainiak onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak 2027ra arte etxebizitza horiek diruz laguntzea, baina maizterrei 800 euroraino igo zizkieten alokairuak. 

Horrez gain, sindikatuak gaur zabaldutako prentsa oharraren bidez jakinarazi duenez, bizilagunek enpresak izandako hainbat jarrera salatu dituzte, hala nola «zazpi hilabetera arte konponketarik egin gabe egotea edo negu osoan galdarak hondatuta izatea». Gainera, bizilagunek azaldu dute Testa Residencial konpainiak ez duela alokairu kontratuak berritzeko asmorik, eta etxebizitza erosi nahi izanez gero, lehenago hura utzi eta ondoren merkatu libreko prezioetan erosi beharko luketela.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak «euren posizio pribilegiatua» baliatzea leporatu die bai Testa Residenciali, bai Grupo Larrabideri. Izan ere, bloke horietan ez dago etxejabeen komunitaterik; hau da, enpresa jabea da blokeari buruzko erabakiak hartu eta informazioa helarazteko bitartekari bakarra. Hala, sindikatuak bizilagunen arteko antolakuntzaren eta batasunaren garrantzia nabarmendu du: «Jabeen gehiegikerien aurka: antolakuntza eta borroka». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA