Iruñeko Erorien Monumentuari dagokion katalogo aldaketaren onarpena eteteko eskatu dute administrazio auzitegian

Eraistearen aldeko elkarteek beste proposamen bat egin dute: lehiaketa publiko bat egitea, erabakitzeko zer eraiki Erorien Monumentua eraitsi ondoren hutsik geratuko litzatekeen orube horretan.

Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarteen agerraldia. ELKARTE MEMORIALISTAK
Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarteen agerraldia. ELKARTE MEMORIALISTAK
gurutze izagirre intxauspe
2025eko azaroaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak agerraldia egin du gaur Iruñean, bi ekinaldiren berri emateko: batetik, jakinarazi du administrazio auzitegira joko duela, eskatzeko eten dadila Iruñeko Udalak Erorien Monumentuaren udal katalogoko fitxa aldatzeko prozesua. Bestetik, proposatu dute eraikina eraistea, eta nazioarteko lehiaketa publiko batera deitzea hutsik geratuko litzatekeen orube horretan zer egin erabakitzeko.

Minduta azaldu dira Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen jarrerarekin. «Itxikeriak eta inposizioak eskura ditugun bide guztiak erabiltzera behartzen gaituzte», adierazi dute, eta gehitu horregatik erabaki dutela auzitara jotzea.

Argudiatu dute Erorien Monumentua bere horretan uztea eta eraikinari beste esanahi bat eman nahi izatea Memoria Demokratikoaren Legearen aurkakoa dela. «Lege hori Espainiako Kongresuak onartu zuen, 2022an, PSOEren, EH Bilduren eta EAJren (Geroa Bai) botoekin, eta 35. artikuluan dio ikur frankisten eraikinak ezabatu egin behar direla. Ez du tarterik uzten memoriako leku gisa eraldatzeko eta beste esanahi bat emateko».

Bestalde, Iruñeko Udalean abiatutako prozesua geratzeko ere eskatu dute, «forma akatsak daudelako, udal planaren katalogoa ez dagoelako indarrean, eta ezin delako aldatu indarrean ez dagoen zerbait».

Horregatik, proposatu dute Erorien Monumentua eraistea, eta prozesu bat abiatzea han zer egin erabakitzeko. Besteak beste, aipatu dute honakoak jar daitezkeela eremu horretan: «etxebizitza sozialak, askatasunaren monumentu bat, gazteak elkartzeko gune bat, zuhaitzak, lorategi bat eta abar».

Datorren urtearen hasieran egin nahi dute lehiaketa publiko hori, eta nazioartekoa izatea ere nahi dute. «Prozesu herritar bat, herri bozketa batean amaitu daitekeena, udalari helaraziko dioguna. Lehiaketaren oinarriak zehaztu ondoren, argitaratu egingo ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.