Elkarte memorialistek hiru alegazio aurkeztu dituzte Iruñeko Udalaren Erorien Monumentuaren katalogo aldaketaren aurka. Udalaren arabera, hori egitea ezinbestekoa da eraikinean edozein aldaketa egiteko eta bere izaera frankistari beste esanahi bat emateko. Haatik, elkarte memorialisten arabera, katalogoa aldatzeko eskaera «baliogabea» da. Hiru alegazioak aintzat hartuko ez balira, dokumentua aldatzeko lau aukera proposatu dituzte.
Euren eskaeran hiru argudio nagusi ematen dituzte udalaren katalogo aldaketaren aurka. Batetik, uste dute katalogo aldaketak ez duela baliorik ez delako Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu. Iruñeko Hirigintza plana 2003an argitaratu zen, eta Erorien Monumentua babestu beharreko eraikinetan 2. eta 3. kategorien artean sailkatu zen. Elkarteen arabera, katalogo hori ez da eraginkorra eta hura aldatzeak ez du baliorik.
Bigarrenik, arrazoitzen dute katalogo aldaketak ingurunea eraldaraziko duela, eta horretarako beste hirigintza plan bat behar dela azaldu dute. Haien arabera, Erorien Monumentua eraldatzeko asmoak «hiriarentzat garrantzi handiko operazioa ezkutatu nahi du».
Hirugarrenik, aipatu dute ez zaiela herritarrei galdetu horri buruz. Gaineratzen dute ez duela 2022ko Memoria Demokratikoaren legea errespetatzen, legeak eskatzen baitu ikur frankistak kentzeko. Azkenik diote katalogo aldaketa «arbitrarioa» dela, haien arabera ez baitago hori argudiatzen duen txosten teknikorik eta juridikorik.