Espainiako Poliziak emakume bat atxilotu du, Iruñeko Arrotxapea auzoko klinika bateko erabiltzailea, atzo iluntzean klinika horretan hildako bat eta hemezortzi zauritu eragin zituen sutea piztea egotzita. Zaurituak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean artatu dituzte, eta bat larri dago ZIU zaintza intentsiboetako unitatean.
Poliziak jakinarazi duenez, atxilotutako emakumea behin behinean dute atxikita, eta epailearen erabakiaren zain daude.
Sutea 20:55 aldera piztu zen erresidentziako logela batean. Sua nahiko azkar itzali zuten suhiltzaileek, baina keak kalteak eragin zituen instalazioetan, eta 50 lagun inguru irtenarazi zituzten eraikinetik. Gaua handik kanpo pasatu behar izan dute.
Sutearen ondorioz, 56 urteko emakume bat hil zen. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak jakinarazi duenez, ZIUan 62 urteko dago beste bat, eta ospitalean jarraitzen dute, denera, hamabost lagunek.