El País egunkariak argitara eman duenez, Pablo Merino 44 urteko iruindarrak salatu du Jacinto Lazaro Opus Deiko apaizak sexu abusuak egin zizkiola 13 eta 15 urte bitartean zituenean, Iruñeko Irabia ikastetxean ikasle zela. Lazarok 74 urte ditu egun, eta Opus Deiko hiru ikastetxetan aritu da, Donostian eta Iruñean. Delituak preskribatuta dauden arren, Opus Deik onartu egin ditu Lazarok egindakoak, eta barkamena eskatu du horregatik. Erakunde katoliko horrek aitortu du 1998an izan zuela kasuaren berri, biktima oraindik adingabea zenean, eta ezkutatu egin zituela gertatutakoak. Apaiza berehala beste hiri batera eramatea erabaki zuen.
Merinok dioenez, orain konturatu da apaizak egindako sexu abusuek eragin dizkioten ondorioez, eta hargatik erabaki du salaketa jartzea, «denek jakin dezaten zer pertsona mota den Jacinto Lazaro». Gainera, uste du bere testigantzak salatzeko ausardia emango diela beste biktima batzuei, ziur baita gehiago ere badirela.
Merinoren salaketak ez du Irabia ikastetxean gertatutakoa bakarrik azaleratzen; izan ere, Lazarok egindako beste sexu abusu batzuk ere atera ditu argitara. El País-ek jasotako testigantzen arabera, 1980ko hamarkadaren hasieran, Donostiako Erain ikastetxeko ikasle ohi batek abusuak egin izana leporatu zion apaiz horri —Opus Deik izan zuen kasu horren berri ere—. Gainera, 2023an, emakume batek berriro salatu zuen Vatikanoan, eta horrek apaizaren kontrako neurriak ezartzera behartu zuen erakundea.
Nolanahi ere, Lazarok ukatu egin du sexu abusu horiek egin izana, eta El País-i esan dio «blokeatuta» utzi dutela haren kontrako salaketek. Zaragozan (Espainia) bizi da orain, baina hainbat aldiz lekualdatu dutela dio Opus Deik.