Foruzaingoak Iruñea erdiguneko Merindades plaza eta Karlos III.a etorbidea itxi egin ditu gaur goizean maleta susmagarri bat atzeman ostean. Lehergailu bat izan zitekeela iritzita, halako kasuetarako protokoloa aktibatu du: inguruak hesitu ditu eta jendez hustu. Espainiako Polizia joan da lekura gero, objektua zer zen aztertzeko, eta, badaezpada, leherrarazi egin dute robot berezi baten laguntzarekin.
Maleta hori Espainiako Gobernu ordezkaritzatik hurbilen dagoen autobus geltoki batean topatu dute, goizeko hamar eta erdiak aldera. Bi ordu iraun du polizia operazio bereziak. Leherketa egin arte, Amaia kaletik hasi eta Vianako printzearen etorbideraino itxita egon da trafikoa, baita Orreaga etorbidetik Sanfermin karrikaraino ere. Poliziaren lehen ikerketen arabera ez dirudi susmagarria denik.