Iruñeko Karpa Unibertsitarioan sexu eraso bat egitea leporatuta, asteartean atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak lau gazte. Bada, Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epailearen esku geratu da gaur kasua, eta dagoeneko eman du hark azken epaia: espetxean sartu ditu laurak. Behin-behinean sartuko dira kartzelan, eta epaileak esplikatu du diru bermerik gabe espetxeratu dituztela, «ihes egiteko arrisku handia» antzeman duelako, baita frogak ezkutatzekoa ere.
Bi delitu egotzi dizkie: bortxaketa eta lapurreta. Gainera, jakinarazi du bortxatzaileak bizi ziren kanpadendaren ondoan «biktimaren arropa» aurkitu dutela. Atxilotuetako batek aurrekariak ditu bertze delitu batzuengatik. 33 urte ditu zaharrenak, bertze bik 26 urte, eta laugarrenak 25.
Epaia atera aitzinetik, eguerdian, elkarretaratze isila egin du Iruñeko Udalak, Udaletxe plazan, eta «erabat gaitzetsi» ditu joan den ortziraleko gertakariak. Agintariez gain, herritar andana joan da agerraldira, erasoak gaitzesteko kartelez lagunduta. Atzo, berriz, Saretuk eta Itaiak elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, sexu erasoa gaitzesteko.
Zaloa Basabe Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotziak hedabideei erran dienez, gaurko elkarretaratzearen helburua «azken erasoaren kontrako gaitzespen eta arbuiorik irmoena» adieraztea izan da, baita «emakumeen askatasunaren kontrako edozein kasuren kontra» egitea ere. Berdintasunaren aldeko lanarekin duen konpromisoa nabarmendu du Basabek, eta babesa eta elkartasuna adierazi dizkio biktimari. «Bere pribatutasuna eta babesa gure hiriaren erdigunean daude», erran du. Elkartasun mezura batu da Iruñeko Udaleko PSN alderdia ere, eta udalari eskatu dio «akusazio partikular» gisa aurkezteko. Halaber, «biktimari eta haren inguruari erabateko elkartasuna» adierazi die.
Nafarroako Gobernuaren presentzia ere izan da gaurko elkarretaratzean, Begoña Alfaro lehendakariordea eta Etxebizitza Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria agertu baita hara. Alfarok hitza hartzeko probestu du agerraldia, eta esplikatu du halako egoera baten aitzinean «biktimaren borondatea errespetatzea» dela lehendabiziko eginbeharra, eta horixe izanen dela, hain justu, Nafarroako Gobernuak hartuko duen jarrera. Lunes Lila elkarteko kideak ere izan dira mobilizazioan, eta Iruñeko Udalari eskatu diote biktimaren eskubide guztiak bermatu ditzala. Gainera, erran diote Karpa Unibertsitarioan gertatzen dena badela Udalaren erantzukizuna eta ardura ere.