Lau gizonezko atxilotu dituzte Iruñean, emakume baten kontrako sexu eraso batengatik

Ostiralean jazo zen erasoa, Karpa Unibertsitarioa festa martxan zen lekutik gertu. Epaileak bihar erabakiko du atxilotuen egoeraren inguruan.

Indarkeria matxista salatzeko mobilizazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko mobilizazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko urriaren 28a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Udaltzaingoak lau gizonezko atxilotu ditu aurreko ostiralean, Karpa Unibertsitarioa festaren testuinguruan, emakume baten kontrako «intentsitate handiko sexu eraso bati» lotuta. Emakumeak salaketa bat jarri zuen, eta lau lagunak gaur atxilotu dituzte.

Ostiraleko 22:00ak aldera jazo zen erasoa, Amaia Kirol Hiritik gertu —han zegoen ezarrita karpa—, Ilargierdiaren parkean. Zenbait hedabidek argitaratu dutenez, emakumea konortea erdi galduta aurkitu zuen lagun talde batek. Foruzaingoa eta udaltzainak bertaratu ziren, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Era berean, sexu erasoei aurre egiteko protokoloa abiatu zuten.

Azaldu dutenez, poliziak DNA probak agindu ditu, eta emaitzen zain daude. Epaileak bihar erabakiko du atxilotutako lau lagunen egoeraren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.