Iruñeko Udalak erabaki du ez duela Korrika finantzatuko AEK-k ez baditu «keinu terroristak» gaitzesten

Mozio bat aurkeztu du PPk, eta salatu Korrikako parte hartzaileek «hiltzaileen argazkiak» erakutsi zituztela Txantrean. Aldeko zazpi boto izan ditu, eta kontrako bortz.

UPNko legebiltzarkide Carlos Garcia Adanero —ezkerrean— eta Jose Javier Esparza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
UPNko legebiltzarkide Carlos Garcia Adanero —ezkerrean— eta Jose Javier Esparza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 24a
19:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean igaro zen 24. Korrika Iruñerritik, eta, lasterketaren isatsa luze-luzea izanagatik, iritsi zen kontraerasorik: «Korrika Txantreatik igaro denean Tomas Caballero Iruñeko Udaleko UPNren zinegotzi ohiaren eta Francisco Casanova lurreko armadako tenienteordearen hiltzaileen argazkiak erakutsi dituzte», erran zuen Cristina Ibarrola UPNren presidenteak. Berehala batu ziren olatura Maria Txibite Nafarroako presidentea eta PP Alderdi Popularra, eta Korrikak «ETAren aldeko ikurrak» atera izana salatu zuten. Are, mozio bat aurkeztu zuen PPk Iruñeko Udalean, eta, gaurko bilkuran, onartu egin dute mozioa.

Bortz boto izan ditu kontran: EH Bilduk, Geroa Baik eta talde mistoak emanak. Aldeko botoak, ordea, zazpi izan dira: UPNrenak, PPrenak eta PSNrenak. Hala, zera erabaki dute: Iruñeko Udalak ez du Korrika diru publikoarekin finantzatuko, baldin eta antolatzaileek ez badituzte «gertaera horiek» erabat gaitzesten, eta ez badute «neurri eraginkorrik» hartzen halakorik berriro ez gertatzeko. 

Baina ez hori bakarrik, salatu dute adingabeek ezin dituztela «mezu terroristak» eraman soinean, eta AEKri hiru kontu exijitu dizkiote: «Barkamena» eskatu dezala, «keinu terroristak» gaitzetsi ditzala, eta neurriak har ditzala ez dadin egon «terroristen» aldeko ikur, argazki edo hitzik.

Edonola ere, bertzelakoa da Nafarroako Parlamentuko egoera, Bozeramaileen Batzordeak atzo bota baitzituen gibelera UPNk eta PPk gai berari buruz aurkeztutako bi adierazpen instituzionalak. Ez zuten aitzinera egiteko adina babesik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!