Iruñeko Udalak etxegabeen azterketa eta diagnostikoa egingo du

Baliabideak egokitu eta plan integral bat egin nahi du. Hiriko gizarte eragileen arabera, 150-200 pertsona bizi dira kalean Iruñean.

Iruñeko zenbait gizarte eragilek janaria banatu zuten herenegun Udaletxe plazan. VILLAR LOPEZ / EFE
Iruñeko zenbait gizarte eragilek janaria banatu zuten herenegun Udaletxe plazan. VILLAR LOPEZ / EFE
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 25a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat pertsona bizi dira kalean Iruñean? Zerk bultzatu ditu kalean bizitzera? Zer baliabide daude etxegabeei laguntzeko? Egokiak al dira? Iruñeko Udalak hiriko etxegabeen azterketa eta diagnostikoa egingo du, galdera horiek eta beste batzuk erantzuteko asmoz. Erakundeak Knowledge Sharing Network enpresari eman dio azterketa eta diagnostikoa egiteko ardura, 58.140 euroren truke. Zazpi hilabete izango ditu egiteko.

Iruñeko Udalak nabarmendu du aintzat hartuko dutela genero ikuspegia, eta zehatz-mehatz aztertuko dituztela kalean bizi diren emakumeen egoera eta premiak, egoera horri egokitutako politikak eta zerbitzuak antolatzeko.

Integrazio planen ebaluazioa 

Etxegabeentzako baliabideak zehaztuko dituzte, bai publikoak eta bai pribatuak. Baita haien egokitasuna eta koordinazioa ere. Etxegabeen mugimenduak aztertuko dituzte, zerk bultzatzen dituen batetik bestera ibiltzera edo zerk zailtzen duen leku batean errotzea. Beste hiri batzuetara begiratuko dute, batez ere Iruñeko testuingurura ondoen moldatu daitezkeenak, etxegabeei laguntzeko zer egiten duten ikusteko. Kanpora begiratzeaz gain, barrura ere begiratuko dute, azken urteetan abiatutako integrazio planak ebaluatzeko.

Azterketa egin eta gero, Iruñeko Udalak egokitu egin nahi ditu etxegabeentzako baliabideak, eta plan integral bat osatu. «Erantzun estrategiko eta operatibo bat eskaini beharko du, pertsonengan oinarritutako arretan aurrera egiteko», Iruñeko Udalak zehaztu duenez.

Iruñeko Udalak jakin nahi du zenbat etxegabe dauden hirian. Zenbait gizarte eragilek egin dute gutxi gorabeherako zenbaketa bat: 150 eta 200 artean. Herenegun eman zuten datua honako talde hauek: El Hadji, MIG, Matalaz kontrabotere espazioa, Oxfam Intermon, Herri Jantokia, Dar Etxea, Negu Gorriak Derecho a Techo eta Haritu. Kontzentrazioa egin zuten, eta janaria banatu zuten Udaletxe plazan.

Erroldarik ez

Erakunde publikoek etxegabeei ematen dieten erantzuna kritikatu zuten: «Oso zaila da kalean zenbat pertsona bizi diren jakitea, erakunde publikoek ez dituztelako hartu ere egiten. Egunero dozenaka pertsona gose dira bere aberastasunaz harro dagoen herrialde batean». Gizarte eragile horiek salatu dute gehienak gazteak direla, eta lan egin nahi dutela, baina ezin dutela lan egin, Espainiako Atzerritarren Legeak hala eragozten dielako: «Batez beste lau urte behar izaten dituzte beharrezko dokumentazioa lortzeko».

Iruñeko Udalari egotzi diote ez dituela hartzen erroldarik ez duten pertsonak, nahiz eta legeak erakundeak behartu egiten dituen bertan bizi diren pertsonak erroldatzera: «Burokraziarentzat, erroldarik ez dutenak ez dira existitzen. Beraz, udala eta gobernua kudeatzen dutenek ez dituzte ikusten edo ez dituzte ikusi nahi sabairik, dutxarik edo janaririk gabe nekez bizi direnak». Uste dute erakundeek oinarrizko premia horiek ase beharko lituzketela.

Egoera ikusita, gizarte eragile horiek etxegabeei otordu bat ematen diete astelehen, astearte eta ostegunetan Arrosadian, Arrotxapean eta Alde Zaharrean. Duela urte eta erdi hasi ziren. Ez da nahikoa. Egunero eman nahi dituzte otorduak, «edo, bestela, Iruñeko Udalak edo Nafarroako Gobernuak beren eginbeharrak bete ditzatela, eta udal jangela soziala handitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.