Iruñeko udaltzainek gerarazi egin dituzte Nafarroako Unibertsitateko campusean 174 arbola mozteko lanak. Zuhaitzak Sadar ibaiaren ertzean daude, eta, udalaren arabera, lanak abiarazi dituztenek ez dituzte beharrezko baimenak, eta horregatik eman du udalak horiek geratzeko agindua. Bide batez, udaleko hirigintza arloko teknikariek ikerketa bat abiarazi dute orain arteko lanak zer-nola egin diren aztertzeko; izan ere, ehun bat zuhaitz bota dituzte jada.
Udalak jakinarazi duenez, ostiralean izan zuten mozketa horien berri. Orduan ikusi zuten lan horiek ez zituztela beharrezko baimenak. Unibertsitateak lehenengoz orain dela hiru urte eskatu zituen baimenak, baina ordutik hainbat baimen falta ziren, udalaren esanetan. Horren gaineko azken ohartarazpena orain dela aste batzuk egin zuen udalak, ekainaren 30ean.
Lanak baimenik gabe hasiak zirela ikusita, zer gertatzen zen ikustera joan dira orain udal teknikariak, eta egiaztatu dute, besteak beste, usteltzen hasi gabeko zuhaitzak bota dituztela, eta, beraz, urratu egin dituztela mozketetarako ezarritako irizpideak. Horregatik ebatzi dute lanak berehala gerarazi behar direla. Hilabete eman diete orain unibertsiteko arduradunei, argitu dezaten mozketak zer irizpideren arabera egin dituzten.
Udalak gogorarazi du baimen guztiak lortzen ez diren bitartean ezingo direla mozketak berriro abiarazi.