Iruñeko Udalak laurehun etxebizitza eraikiko ditu NUPen inguruan

Erdiak babes ofizialekoak izango dira, eta parke bat ere egingo dute Sadar ibaiaren inguruan. Asteon jarriko dute martxan herritarrek parte hartzeko prozesu bat.

Goialdean, etxebizitzak eraikiko dituzten orubea. Behealdean, parke bat egingo duten gunea, Sadar ibaiaren inguruan. IRUÑEKO UDALA
Goialdean, etxebizitzak eraikiko dituzten orubea. Behealdean, parke bat egingo duten gunea, Sadar ibaiaren inguruan. IRUÑEKO UDALA
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 9a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ingurua biziberritzeko plana hasi da itxura hartzen. Iruñeko Udalak gaur eman du bere asmoen berri: Katalunia hiribidearen iparraldean laurehun etxebizitza inguru eraikitzea —erdiak babes ofizialekoak— eta, Sadar ibaiaren inguruan, berriz, parke bat egitea. Ostegunetik aurrera prozesu parte hartzaile bat jarriko dute martxan, herritarrek ekarpenak egin ahal izateko.

Azalpenak Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030erako Agendako zinegotziak eta Pilar Pardo hirigintzako gerenteak eman dituzte. «Gune delikatu bat konpondu eta ordenatuko dugu. Inguru hori funtsezkoa da, hiriaren sarrera delako, jende mordoa ibiltzen delako NUPen, Sadarren eta Nafarroa Arenan, eta gaur egun erdi abandonatuta dagoelako», adierazi du Abaurreak. Parkea egin nahi dute lekuan industria nabeak daude orain.

«Inguru hori funtsezkoa da, hiriaren sarrera delako, jende mordoa ibiltzen delako NUPen, Sadarren eta Nafarroa Arenan, eta gaur egun erdi abandonatuta dagoelako»

JOXE ABAURREA Iruñeko Udaleko hirigintza zinegotzia

Pardok azaldu du zaila dela epe zehatzak ematea baina, printzipioz, aurten onduko dutela plana, datorren urtean urbanizazio eta partzelak berriz ezartzeko proiektuak osatuko dituztela, eta, ondo bidean, 2028. urtean hasiko direla urbanizazio lanekin.

Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta NUPek 2024ko azaroan adostu zuten inguru hori biziberritzeko aurreakordioa, eta iazko ekainean NUPeko udalez gaindiko plan sektoriala moldatu, eta lur batzuk trukatzeko akordioa sinatu zuten. Zehazki, NUPek emandako lur horietan egingo dituzte gaur iragarritako lanak; trukean NUPek jaso dituen lurrak unibertsitatearen beste aldean daude, Taxoare kalearen ekialdean.

Udaleko ordezkarien arabera, laurehun etxebizitza eraikitzeari esker «inguru urbanoago bat» sortuko dute, Arrosadia Lezkairurekin eta unibertsitatearekin «hobeto konektatuta egon dadin». Etxebizitzak antolatzeaz gain, onduko duten planak jada existitzen diren toki publikoak integratzea nahi dute —Xabier Mina plaza eta Jose Vila ikastetxea zenaren jolastokia—, eta «bizitasun urbanoa» sustatzea ere bai, auzoak saltokiak eta zerbitzuak izan ditzan. Izan ere, aurrez, Arrosadiko bizilagunak kexatu izan dira azpiegitura publikoen eta zerbitzuen faltaz.

Beste pauso bat

Parte-hartze prozesuarekin batera, udalak bi saio informatibo antolatu ditu. Lehenengoa etzi egingo dute, Katalunia hiribidearen inguruko eraikuntza proposamenak aztertzeko eta bertaratzen direnen iritziak jasotzeko. Bigarrena, berriz, datorren astelehenean izango da, eta Sadar ibaiaren inguruan egin asmo duten parkea izango dute hizpide. Horrez gain, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute martxoaren 12tik apirilaren 12ra Erabaki Iruñea plataforman eskuratu ahal izango duten galdetegiaren bidez. Prozesu parte hartzailea hiri jarduketarako plan berezia idatzi aurreko pausoa da.

NUPen ingurua biziberritzeko plana gune hori urbanizatzeko beste pauso bat da. Orain ere ehunka etxebizitza eraikitzen ari dira Arrosadia hegoaldeko zelaietan, eta, joan den hilean, udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen hiriko udal plana aldatzea, Donapeako auzo berriaren proiektua garatzen hasteko. 5.000 etxebizitza eraikiko dituzte han, erdiak babes ofizialekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA