Iruñeko Udalean euskaldunak «bazterturik» daudela salatu du Euskaltzaleen Foroak

Elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan, kritikatzeko profil elebiduna ezarria dagoela postuen %4,83tan soilik. Iruñeko Udalak argudiatu du udalbatzaren gehiengoak onartu behar duela lantalde organikoa, eta, hortaz, ez dagoela gobernu taldearen esku.

Hizkuntza eskakizunen aldeko protesta, gaur, Iruñeko udaletxearen aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hizkuntza eskakizunen aldeko protesta, gaur, Iruñeko udaletxearen aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 3a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Legealdi honetan, 76 lan deialditan ez dute puntuatu euskara». Kritika gogorra egin dio Euskaltzaleen Foroa izeneko elkarteak Iruñeko Udalari. Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Udaletxe plazan, Iruñeko euskaldunak «bazterturik» daudela salatzeko. Egungo udal gobernua jo dute egoeraren erantzule: batetik, lantalde organikoan euskarazko profila duten lanpostuak «hutsaren hurrengoa» direla uste dutelako, eta, bestetik, euskara merezimendu gisa ere ez dutelako puntuatzen lan deialdi publikoetan.

«2026ko lantalde organikoan, hauxe da lanpostu elebidunen kopurua: %4,83, haur eskolak kontuan hartu gabe. Horrek ezinezko bihurtzen du euskaldunoi euskarazko arreta bermatzea», adierazi du Euskaltzaleen Foroak, ohar batean. Elkarteak gogorarazi du Iruñean 25.000 euskaldun baino gehiago bizi direla, eta beste horrenbeste euskaldun hartzaile —euskaraz mintzatu ez, baina ulertzeko gai direnak—. «Gainera, Nafarroa osoko euskaldunak ere sarri etortzen dira hiri buruzagira, Nafarroako Gobernuaren hainbat ordezkaritzatara, besteak beste».

«Udal administrazioa elebidun bihurtzeko bidea zeharo blokeatuta dago»

EUSKALTZALEEN FOROA

Foroko arduradunen esanetan, lan deialdi gutxi batzuetan bakarrik puntuatu dute euskara meritu gisa: udaltzain izateko lau deialditan eta aurtengo sanferminen aurretik, Babes Zibileko laguntzaile lanetan aritzeko kontratazio zerrendak osatzeko. Udaltzain izateko oposizio lehiaketen kasuan, Euskaltzaleen Forokoek uste dute «era miserablean» puntuatu zutela euskara: «Behin, puntuazio osoaren %0,5; beste bitan, %1; eta beste behin, %1,65». Babes Zibileko laguntzaileen zerrenden kasuan, berriz, puntuazio osoaren %10,71 eman zioten euskarari.

«Udal administrazioa elebidun bihurtzeko bidea zeharo blokeatuta dago», laburbildu du elkarteak. Horiek horrela, bi eskaera egin dizkiote Iruñeko Udalari: batetik, handitu dezala profil elebiduneko lanpostuen kopurua, eta gainerako lanpostuetako lan deialdietan, berriz, euskara meritu gisa baloratu dezala.

Udalaren erantzuna

Hain zuzen, BERRIAren galderei erantzunez, udal administrazioa euskalduntzeko prozesuaz solastatu da Aitziber Campion, Hezkuntza, Herritarren Parte Hartze eta Euskara alorreko zinegotzia. Esan du gauza bat dela lanpostu gehiagotan euskarazko profila ezartzeko «borondate politikoa», eta beste gauza bat, udalaren ahalak eta mugak «kudeatzeko estrategia». 

Euskara eskakizun duten udal lanpostuak gutxi direla onartuta ere, Campionek gogorarazi du lantalde organikoan zehaztuta daudela, eta hori aldatzea ez dagokiola gobernu taldeari, udalbatzari baizik: «Euskara sustatzeko beste neurri batzuek ez dute udalbatzaren gehiengoaren beharrik, baina lantalde organikoak bai. Hortaz, profil elebiduna izanen duten postuak negoziatu eta adostu egin behar ditugu, ez soilik gobernua osatzen dugun taldeon artean, baita PSNrekin ere».

Horrez gain, zinegotziak nabarmendu du Iruñeko Udalaren deialdi ia guztiak oposizio bidezkoak direla, eta horietan ez direla hizkuntzak meritutzat hartzen. «Oposizioetan ez dago merezimendurik, euskara betekizun izan daiteke edo ez, lantalde organikoan ezarritakoaren arabera, baina hizkuntzak ez dira puntuatzen. Eta hori sindikatuekin adostua dago». Campionen esanetan, euskara merezimendu izan daiteke oposizio lehiaketetan soilik, eta Iruñeko Udalean apenas egiten den halakorik. «Sanferminetako Babes Zibileko laguntzaileen kontratazio zerrendak osatzeko, adibidez, euskara puntuatzeko aukera izan genuen, baina UPNk helegitea jarri zion horri ere», gogoratu du.

«Iruñeko D ereduko eskoletan, lehen aldiz, atezain guztiak euskaldunak dira. 50 urtean ez da halakorik gertatu, orain arte. Guretzat, lorpen handia da».

AITZIBER CAMPION Hezkuntza eta Euskara zinegotzia

Muga horiek aintzat hartuta, Iruñeko Udalaren xedea da postu elebidunak «ahalik eta modurik eraginkorrenean» ezartzea eta banatzea, jendaurreko arreta lehenetsiz: «Identifikatu nahi dugu zein eremutan dagoen behar handiena euskarazko arreta bermatzeko, eta horren arabera moldatu nahi dugu lantalde organikoa». Campionek jakinarazi duenez, orain abian da udal lanpostu guztien azterketa bat, «jakiteko non dauden langile euskaldunak, eta, horren arabera, non bihurtu daitezkeen postu horiek elebidun».

Prozesu horren adibidetzat jo ditu euskarazko eskoletako atezainen lanpostuak: «Iruñeko D ereduko eskoletan, lehen aldiz, atezain guztiak euskaldunak dira. 50 urtean ez da halakorik gertatu, orain arte. Guretzat, lorpen handia da». Beste adibide bat: Arrotxapea auzoan aurki irekiko duten eguneko zentroa. «Hango bi postutan ezarri nahi dugu profil elebiduna, gutxienez». Eskaera hori eramanen dute lantalde organikoaren negoziaziora: «Daukagun egoera eta indar oreka ikusita, gure estrategia zera da, kopuru eta ehuneko hutsez harago, identifikatzea non izan dezakeen eraginik handiena euskarazko profila ezartzeak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA