Joseba Asiron alkatetzara eraman zuen zentsura mozioaz geroztik, sintonian dira aginte makilaren eskualdaketa eragin zuten bazkideak. EH Bilduk, Gero Baik, Zurekin-ek eta PSNk Iruñeko Udaleko aurrekontuak adostu dituzte berriro, eta 2026rakoetan inoizko kopuru handiena jasoko dute: 293,78 milioi euro, aurreko urtean baino ia 14 milioi euro gehiago (%2,14ko hazkundea). Asteon abiadura hartu dute taldeen arteko elkarrizketek, eta akordioa egin dute Nafarroako sozialistek sartu nahi izan dituzten zuzenketen inguruan. Lau milioi euroko balioa dute ekarpen horiek.
Gaur goizean sinatu dute akordioa lau taldeek, Iruñeko udaletxean. Legealdi honetako hirugarrena izan da aurrekontuei dagokienez, eta jarraipena eman dio Asiron alkatetzara eraman zuen zentsura mozioan —2023ko abenduan— lotutako eduki politikoari. Joseba Asiron alkateak (EH Bildu), Mikel Armendarizek (Geroa Bai), Txema Mauleonek (Zurekin) eta Marina Curielek (PSN) sinatu dute agiria.
Aurreikusi dute 2026ko udal aurrekontuak azaroaren 27ko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartuko dituztela. Aurreko egunetan, dagokien batzordeetan, aurrekontuen diru sailak aurkeztuko dituzte. PSNren zuzenketak jasoko ditu agiriak, zeinek 4,34 milioi euroko balioa baitute. 1,5 milioi Urdazubiko Monasterioaren urbanizaziorako erabiliko dituzte; beste 1,5 milioi, Pio XII.aren etorbideko proiektuko bigarren eta hirugarren faserako; eta beste milioi bat, zenbait auzoren asfalto eta argiketa lanetarako, bai eta Milagrosa eta erdigunea lotzeko mikrobus elektriko baterako ere. Horrez gain, PSNren beste zenbait proposamen jaso ditu jatorrian agiri nagusiak, beste lau milioi eurorenak.
Bizikidetza Plana
Oro har, Iruñeko Bizikidetza Plana eta hiria hobetzeko beste zenbait lehentasun izango dira aurrekontuen ardatz estrategikoak. Horien artean daude Etxebizitzaren Udal Plana, Sarasateko urbanizazio berria, Pio XII.eko korridore jasangarria eta Sanduzelaiko biribilguneari erantzuna emateko egitasmoa, zeinetan herritarrek ere parte hartu baitute.
«Beste talde batzuek eman nahi duten irudiaren arrastorik ez da hemen: hiri honetan elkarbizitza dago»
JOSEBA ASIRON Iruñeko alkatea
Asiron alkateak esan du aurrekontuen akordioa «pozik egoteko modukoa» dela, eta argi erakusten dituela «ardura, talde lana eta desberdinen artean lanean aritzeko gaitasuna». Iruñeko udal gobernua oso kohesionatua dagoela ziurtatu du alkateak, ohitua dagoela «desberdinen arteko lanera». Iruñean «gehiengo sozial bat dago», Asironen arabera, eta udalean ere «gehiengo egonkorra» ikusten du. Udal horrek «benetako Iruñea» islatzen duela uste du alkateak. «Beste talde batzuek eman nahi duten irudiaren arrastorik ez da hemen: hiri honetan elkarbizitza dago».
Horrez gain, nabarmendu du aurrekontuak «Iruñeko historiako hedakorrenak» direla, eta eremu publikoak hobetzeko xedez eginak direla. Halaber, «bizikidetzak erabateko lehentasuna» duela erantsi du, bai eta politika sozialek ere.
Oposizioko talde nagusiak, aldiz, UPNk alegia, kritika garratza egin dio itunari. Cristina Ibarrolak uste du «gezur handi bat» dela, eta Iruñeko «aurrekonturik handiena EH Bilduren esku egotea albiste oso txarra» dela iruindarrentzat.
«Sozialistak egonkortasunerako motorra gara; eserita geratzen direnen aldean, guk nahiago du iruindarren alde lan egin»
MARINA CURIEL PSNko eleduna
Bestalde, udal gobernuko bazkideekin akordioa egin duen beste taldeak, PSNk alegia, ziurtatu du sozialistak «egonkortasunerako motorra» direla Nafarroan, beste batzuen «etengabeko blokeoaren eta konfrontazioaren aldean». Negoziazioa zorrotza izan dela gaineratu du Marina Curiel eledunak. «Iruñeko zati protagonista bat garela erakusten dute aurrekontuek. Eserita geratzen direnen aldean, guk nahiago dugu iruindarren alde lan egin».
«Kopurua inoizko handiena izateak bide emango du benetako Iruñean inbertitzeko, eta ez batzuk marrazten saiatzen diren horretan»
MIKEL ARMENDARIZ Geroa Baiko eleduna
Bazkideak, gustura
Asiron alkatea bezala, udal gobernuko beste bazkideak ere pozik azaldu dira, 2026ko aurrekontuen agiria sinatu ondoren. Geroa Baiko ordezkari Mikel Armendarizek ziurtatu du akordio horrek berresten duela «Iruñea bide onetik» doala. Uste du azpimarratzekoa dela aurrekontuak «inoizko handienak» izatea, horrek modua emango ei baitu «benetako Iruñean inbertitzeko, eta ez batzuk marrazten saiatzen diren horretan».
«Giro gaiztotua eta hiri honetako eskuinen ezezkoa gorabehera, gaur legealdiko hirugarren akordioa sinatu dugu aurrekontuei dagokienez»
TXEMA MAULEON Zurekin-eko bozeramailea
Hirugarren gobernu bazkidea ere kontent da, Txema Mauleon bozeramaileak helarazi duenez. «Giro gaiztotua eta hiri honetako eskuinen ezezkoa gorabehera, gaur legealdiko hirugarren akordioa sinatu dugu aurrekontuen esparruan», esan du. Mauleonek azaldu du aurrekontuen lehentasunen artean daudela adinekoen arreta —mendekotasuna dutenei begira— eta gazteentzako eta familientzako etxebizitzak.