Iruñeko Udaleko Twitter kontua hackeatu dute, "ustelkeriagatik"

Txio batean, udalaren kontu ofizialetik ohartarazi dute atzo Valentziako Udalaren (Herrialde Katalanak) kontua hackeatu zutela, eta aurki "guztiak" eroriko direla.

2019ko abuztuaren 6a
10:06
Entzun

Iruñeko Udalaren Twitter kontua hackeatu dute, eta esku hartu duenak kontuaren profila itxuraldatu du. Udaleko armarriaren ordez, esku bat ageri da, billete sorta bati heltzen. Udalaren kontutik argitaratutako txio batean zabaldu dutenez, "ustelkeriagatik" hackeatu dute kontua.

Hainbat mezu idatzi dituzte kontutik; guztiak gaztelera hutsean. Horietako batean, Enrique Maia alkatearen argazki bat publikatu dute, hura hiltzeko eskatuz. "Hil ezazue putakume hau, edo gosea pasatu dezala, jakin dezala zer den kalean bizitzea edo pistola bat buruan jarrita lapurreta bat jasatea. Herritarrek egunero bizi duten egoeretako bat gutxienez bizi dezala".

Beste txio batean, "manifestari, ekintzaile, kazetari eta herrialde honengatik egunero lan egiten duen jendearentzako" mezu bat bidali dute. "Jakin elkarrekin lortuko dugula putakume ustel hauek herrialdea gobernatzeari uztea eta Espainia herrialde handi bat izatea, edonork jatea bezain oinarrizkoa den zerbaitetarako aukera gehiago izango duena".

Valentziako Udalaren kontua atzo hackeatua izan zela gogorarazi dute Iruñeko Udalaren kontutik; "laster guztiak" eroriko direla mehatxu egin dute.

Azken txio batean, Iruñeko Udalaren kontuari buruzko IP informazioa zabaldu dute.

15:00ak aldera, Iruñeko Udalak txio bidez jakinarazi du berreskuratu duela kontuaren kontrola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.