«Intentsitate handiko» sexu eraso bat gertatu dela jakinarazi du Iruñeko Udaltzaingoak

Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzera deitu du biharko, 21:00etan, Gazteluko plazan. Udaltzaingoak, gainera, beste bi sexu erasoren berri eman du, «intentsitate baxukoak», iturri horien arabera.

Gazteluko plazan egindako protesta bat sexu erasoen aurka, iazko sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Gazteluko plazan sexu erasoen aurka egindako protesta bat, iazko sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2025eko uztailaren 12a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko etxe partikular batean sexu eraso bat gertatu da gaur goizaldean, Iruñeko Udaltzaingoak ezagutarazi duenez. Eraso hori «intentsitate handikoa» izan da, iturri horrek zehaztu duenez. Oraingoz ez dute inor atxilotu, baina erasoa ikertzen ari dira. Emakume batek eraso hori salatu du komisarian, eta modu horretan izan du Udaltzaingoak etxe horretan gertatutakoaren berri.

Horrez gain, Iruñeko Udalaren Segurtasun Batzordearen bilera egin dute gaur goizean, eta beste bi sexu erasoren berri eman dute han. Iturrien arabera, beste maila bateko «intentsitatea» izan dute horiek, zehazki «ukituak» aipatu dituzte. Gizon bat atxilotu dute jazoera horietako bat dela eta.

Iruñerriko Mugimendu Feministak sexu eraso horiek gaitzesteko elkarretaratzera deitu du biharko, 21:00etan, Gazteluko plazan. Iruñeko peñek adierazi dute bat egin dutela deialdiarekin. Eraso sexistarik ez lelopean egingo dute protesta, eta lelo hori zenbait hizkuntzatan irakur daiteke ekitaldira deitzeko zabaldu duten afixan.

Zortzi atxilotu

Zazpi indarkeria matxista kasu salatu dituzte gaur arte Iruñeko sanferminetan. Guztiak ukituengatik, atzo goizaldekoa salbu. Beste urteekin alderatuta aurtengo joera pixka bat hobea dela uste du Joseba Asiron alkateak, herenegun esan zuenez; «espero dugu horrela jarraitzea; batez ere, asteburuari dagokionez», esan zuen Asironek. Ikusteko dago azken egunean gertatutakoaren ondorioa. Europa Press berri agentziak jakinarazi duenez, guztira zortzi pertsona atxilotu dituzte indarkeria matxista leporatuta. «Ez gara pozik egongo erasoak desagertzen ez diren bitartean», azpimarratu du agintariak.

Bestalde, igandetik atzo bitarte 782 salaketa ipini dituzte guztira, eta horietatik 526 lapurretei dagozkie. 96 pertsona atxilotu dituzte. Orokorrean, delituak murriztu egin dira. Nafarroako SOS Deiek 2.248 dei jaso dituzte, eta horiek ere behera egin dute, beste urte batzuen aldean. 223 kasuk anbulantziaren beharra izan dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.