Iruñeko zezenketen aurka 160.000 sinadura aurkeztu ditu Anima Naturalisek

Tauromakia abolitzeko eskatu dute, eta, bide batez, sanferminetan zezenketak kentzeko eskatu dute Iruñeko Udalean

Anima Naturalisek hil hasieran udaletxe aurrean egindako protesta. J.M / ARP.
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Anima Naturalis animalien babeserako erakundeak 160.000 sinadura aurkeztu zituen atzo Iruñeko Udalean, hiriburuan egiten diren zezenketen aurka. Tauromakia abolitzea da eskakizun nagusia, eta, bereziki, sanferminetan ospatzen den zezenen feria egitarautik ezabatzea nahi dute.

Udaletxeko bulegoetan elkartu ziren Anima Naturalis erakundeko kideak udal ordezkariekin, atzo goizean. Alderdi politiko guztiei idatzi bat eman zieten, eta gai «polemiko baina beharrezko» horri ausardiaz aurre egin diezaiotela eskatu zuten. Idatziarekin batera, sinadura guztiak formatu digitalean entregatu zituzten. Iruñean ez ezik, nazioartean ere bildu dituzte firmak, fisikoki eta Internet bidez. Iazko sanferminak baino apur bat lehenago hasi ziren bilketarekin, eta «askoz ere gehiago» lortzeko lanean jarraituko dutela esan du Soraya Farkhondeh Anima Naturalis erakundeko kideak.

Animaliei ematen zaizkien tratu txarren aurka lan egiten jarraituko dutela adierazi du Aida Gascon Anima Naturaliseko zuzendariak: «Turistak erakartzeko egiten dira zezenketak, eta Iruñera etortzen dira beren jatorrizko herrialdeetan animaliei tratu txarrak ematea legez debekatuta dagoelako».

Iruñea Antitaurina taldeak sinaduren helburuekin bat egin du, baina gaia Iruñean bertan landu beharra nabarmendu du: «Iruñeak eztabaidatu egin behar du zezenketarik gabeko sanferminen inguruan, hilketa eta erritu odoltsurik gabeko festei buruz, eta sanferminetako arratsaldeetarako irtenbideak bilatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.