Irunen (Gipuzkoa) gizon bati eraso egiten ageri den ertzaina zerbitzuz kanpo dagoela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, «kautelazko neurri gisa», eraso egiten ageri den bideo bat hedatu ostean. Eraso hartan dauden gainerako ertzainak ere ikerketapean daudela baieztatu dute, EITBk jakinarazi duenez. Gertakariak iazko udakoak dira. Joan den ostiralean zabaldu ziren irudiak sarean.
Ertzaintzak barne ikerketa bat abiatu du agente batek gizonezko bati egindako erasoaren ingurukoak argitzeko. Joan den ostiralean zabaldu zen gertakariaren berri, sare sozialetan bolo-bolo hedatu baitzen haren bideoa. Bideoan, Ertzaintzako eta Irungo Udaltzaingoko hamar agente ageri dira, gizonaren inguruan, eta, une batean, ertzainetako batek kolpe gogor bat ematen dio aurpegian, eta gizona lurrera botatzen.
Polizia indarkeria beste behin (whatsapp bidez jasoa).
— Iñaki Gurrutxaga (@inagurru) May 10, 2024
Erasotu eta oilo-bustien gisara alde egin. pic.twitter.com/7IlvKEjjw3
Bideoan gizonezko bat ageri da agenteekin eztabaidan, eta kexu ageri da kolpe bat hartzeagatik eta haren inguruan den polizia kopuruagatik; denera, sei ertzain eta lau udaltzain. Une batean, ertzainetako batek aurpegian kolpe bat ematen dio gizonezkoari, eta hura lurrera erortzen da. Orduan, agenteak oihu egiten du: «Isildu behingoz, koño. Bukatu dira txorakeriak». Eta jarraian, hark eta gainerako agenteek lekutik martxa egiten dute, gizonezkoa lurrean utzita.Â
Iazko udakoa izan arren, ikerketa orain ireki dute.