Irungo Udaleko 2020ko aurrekontuak onartzeko ados jarri dira PSE-EE taldeko kideak, Bidasoko Hitza-k jakinarazi duenez. Sozialistekin bat egin dute Elkarrekin Podemos eta EH Bildu koalizioek. Babes horrekin gehiengoa duten arren, oraindik beste taldeen sostengua lortzen saiatuko dira sozialistak.
Elkarrekin Podemos taldeko lau zinegotzien eta EH Bilduko hiru zinegotzien botoekin, Jose Antonio Santanoren taldeak badu aurrekontuak onartzeko beharrezkoa duen babesa. Hamar ordezkari ditu PSE-EEk udalean; hortaz, guztira hamazazpi boto jasoko lituzke sozialisten aurrekontu proposamenak, hau da, udaleko gehiengoa izango luke —25 zinegotzi ditu udalak guztira; lau dira Elkarrekin Podemosekoak, eta hiru EH Bildukoak—.
PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek agerraldi bateratu bat egin dute gaur goizean udaletxean. Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU taldearen arteko akordioa sinatu dute, 2020ko aurrekontuak adosteko. Jose Antonio Santanok Twitter bidez adierazi duenez, «ez da akordio bakarra izango. Elkarrizketa eta akordioak beti dira albiste onak». EH Bildurekin beste akordio bat egin duela jakin da geroago.
Koalizio akordioa, «hautsita»
EAJko Gipuzkoako buruek ez dute gogo onez hartu Santanoren jokabidea. 2019ko ekainean instituzio publiko guztietan elkarrekin gobernatzeko akordio bat egin zuten jeltzaleek eta sozialistek, eta Irungo alkateak koalizio akordio hori «hautsi» egin duela uste dute jeltzaleek. Astearte arratsaldean egin du bilera Gipuzko Buru Batzarrak.
Koalizio akordioaren jarraipena egiteko izendatua duten batzordea biltzeko eskatuko dute Gipuzkoako jeltzaleek. EAJren esanetan, 2019ko ekainean izenpetu zuten akordioak bi alderdiak behartzen ditu udaletako aurrekontuak elkarrekin onartzera, horretarako negoziazio prozesuak egin ondoren. Akordioak zehazten du, gainera, horrelako desadostasunak sortzen badira probintzietako zuzendaritzek bideratuko dutela auzi bakoitza.
EAJren ustez, Santanok ez dio jarraitu EAJrekin aurrekontuak negoziatzeko aginduari. «Denborak erakutsi du Santanok eta PSEk ez zutela eta ez dutela akordiorik nahi EAJrekin Irunen». EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen jokabidea ere gaitzetsi du. Hauteskundeen ostean, Irungo EAJk planteatu zuen EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin gobernu alternatibo bat antolatzea, baina azkenean Santano inbestitu zuen. Harrezkero datoz bi alderdien arteko diferentziak Irunen.
GBBren oharra kaleratu aurretik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du ez duela «inolako arriskurik» ikusten PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk Irungo Udalean lortu duten akordioa gainerako erakundeetara zabaltzeko. «Kontu puntuala eta leku jakin batekoa» dela adierazi du —ala esan du Santanok berak ere—. «EAJren eta PSE-EEren arteko oinarrizko koalizio akordioa erakunde guztietan mantenduko da», nabarmendu du Erkorekak.