Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohia oroitu dute gaur udalerri hartan, ETAk hil zuela hamabigarren urtea bete denean. «Tamalgarria da hamabi urte eta gero oraindik gogorarazi behar izatea zergatik hil zuten Isaias, zein izan zen hilketaren arrazoia», esan du Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak ekitaldi batean. Haren esanetan, deitoragarria da «askok» ez gogoratzea hori, eta haien artean sartu ditu, zehaztu gabe izenak, egun haietan eurekin zeuden batzuk. «Gogorarazi egin behar dugu». Anduezak adierazi du «sozialista izateagatik, eta aniztasuna eta konstituzioa defendatzeagatik» hil zuela ETAk Carrasco.
PSEko arduradunak azaldu du ETAren biktimei «entzun» egin behar zaiela, «eta ez erabili helburu politikoekin».
Tamalgarria da 12 urte eta gero gogorarazi behar izatea Isaías erahil zutela aniztasuna defendatzeagatik. Biktimei entzun behar zaie, eta ez erabili helburu politikoekin. pic.twitter.com/5TSEwQMOkm
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 7, 2020
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria ere izan da ekitaldian. Txio batean idatzi du «sozialista izateagatik eta Euskadin demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik» hil zuela ETAk PSE-EEko hautetsi ohia 2008an.
Arrasaten izan dira, besteak beste, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusia, Iñaki Arriola Jaurlaritzako sailburua eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohia. Ekitaldian haiekin denekin egon da Isaias Carrasco zenaren alargun Marian Romero eta alaba Sandra.