Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Isiluneak eta aitortzak

Alonsok argitu egin ditu Zabalaren biktima izaeraz esanak, eta Elkarrekin Podemosekoak urrats gehiago eskatu dizkio bide horretan

BERRIA / BERRIA.
jokin sagarzazu
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nola isilune batek ematen duen transzendentzia eta ematen dien hitzei aitortza kategoria. Lehendakarigaiek ETBn eginiko eztabaidan, bakegintzaz ari zirela, Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalak PPko Alfonso Alonsori galdetu zion ea biktimatzat duen. Erantzunak, batetik, eta ondorengo isiltasunak, bestetik, agerian utzi zuten Zabalaren mina, eta Alonsoren ezohiko deklarazio bat eragin zuten: poliziek eta guardia zibilek —Espainiako Estatuak, beraz— Euskal Herrian eginiko «gehiegikeriei» buruz, eta horiek «gaitzetsiz».

«Orduan, ez nauzu biktimatzat?», galdetu zion GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak. Eta PPko buruzagiak: «Legearen arabera, idatzita dagoen bezala, ez. Terrorismoarena ez, baina zu zara biktima [hitz totelka] biktima bat, [arnasa hotsa] gehiegikeria batena, estatuko funtzionarioen [arnasa hotsa] jardun erabat gorrotagarri eta gaitzesgarriarena». Isilik, elkarri begira geratu ziren Zabala eta Alonso, hiru segundoz.

Dena neurtuta dago kanpainetan. Are gehiago telebista eztabaidetan. Keinuak, hitzak eta isiluneak. Atzo, zabalatarren herrian eginiko ekitaldi batean, Tolosan (Gipuzkoa), Pili Zabalak aitortu zuen prestatuta eraman zuela galdera debatera, uztailean Madrilen modu pribatuan Alonsok berari esandako hitz berberak herritarrek entzun zitzaten eta jakin zezaten zer bizi izan duten berak bezala «instituzioek babestu ez» dituzten biktimek denbora luzez.

Alonsok, atzo, mezu bat bidali zion Zabalari, Interneteko sare sozial baten bidez, esanez baietz, anaia «GALen terrorismoak» hil zuela, eta lagunduko duela hitzemanez. «Atzera egin» izana eskertu zion Zabalak, eta eskatu zion lan egin dezala biktima guztiek lege aldetik aitortza eta eskubide berberak izan ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA