Palestinaren aldeko oihartzunak ez du etenik izan goiz honetan Hendaiako (Lapurdi) karriketan: duela hamar egun Tuterako (Nafarroa) ibai ondotik abiatu zuten elkartasun ibilaldia iritsi da azkenean, ehunka jenderen txaloen, banderen eta aldarri ozenen artetik. Euskal Herria zatitzen duen mugatik pasatu dira ibiltariak 09:15ean; jende saldoa juntatu zaie manifestaziorako, eta, Hendaia behin zeharkaturik, itsasora heldu dira azkenean.
«Ibaitik itsasora, Palestina aurrera» izan da, agian, karriketan gehien hedatu den aldarria; hain zuzen, Ebro ibaitik abiatu ziren duela hamar egun. Ekintza sinbolikoa izan da: Palestinaren askatasuna ibaitik itsasora aldarrikatzen zuten heinean, martxak ibilbideari jarraiki dio hamar egunez. Bi helburu nagusi zituzten: «elkartasun sareak ehundu» eta «konplizitateak azaleratu». Elkartasuna bazegoen, eta konplizitateak hastetik buru salatu dituzte.
Batez ere, boikoterako deia zabaldu nahi izan dute, eta 10:45ean Hendaiako Carrefour saltegiaren aitzinetik pasatu dira ibiltariak. Ez da lehen aldia Carrefour saltegiak seinalatuak direna, 2023az geroztik taldeak iragarri baitzuen janari parteak igorriko zizkietela Israelgo soldaduei. Horrela, boikot kanpaina abiatu zen Carrefourren kontra, eta horregatik gelditu dira manifestariak Hendaiakoaren aitzinean: Israeli boikot dioen pintada bat agertu da saltegiaren aitzinaldeko paretan.

Martxan aitzina, influentziazko beste hainbat enpresa handi seinalatu nahi izan dituzte, manifestatzera etorritakoei ez ezik bide bazterreko jendeari ere eskuorriak banatuz. Idatzi dute: «Genozidio bat zuzenean ikusten ari gara; hala ere, Mendebaldeko estatu eta enpresa anitzek badituzte oraindik partaidetza ekonomikoak [Israelgo] estatu kriminalarekin, eta baldintzarik gabeko sostengua eskaintzen diote. Zenbat odol isuri behar da haien irabazi eta boterearendako?». Hala, «Israelekin harreman guziak gelditzea» galdegin dute.
«Sarraskia» gelditu arte
Bere izena eman nahi izan ez duen emazte bat goiz osoan aritu da delako eskuorrien banatzen. Haren ustez, boikotatuz nolabaiteko «presioa egin behar zaie enpresa horiei», Palestinan gauzatzen ari diren genozidioa gelditzeko bidean. Association France Palestine Solidarite elkarteko militantea da emaztea, 2023ko urriaren 7ko gertakariak baino anitzez lehenagotik ere. Honakoan, ibilaldiaren iristea antolatzeko lantaldean aritu da, eta Palestinara joatekoa da heldu den astean; horregatik ere ez du berari buruzko informazio askorik eman nahi izan. «Jadanik izana naiz, baina orain ez dakit nola pasatuko den: kolonien mugara joanen gara, palestinarrak sartzen ahal ez diren lekuetara nazioarteko jenderik izan gabe». Gaur goizean eskuorriak banatzen ibili da, eta aitortu du geroz eta jasangaitzagoa zaiola Palestinan gertatzen direnen irudiak ikusi eta hori baino gehiago egiteko ezintasunean egotea: «Zer erranen dugu gero? Migranteak uretan itotzen dira, Palestinan hori, eta ez gara mugitzen...».
Goizaldia aitzina, azkenean, martxa itsasora iritsi da, 12:30 aldera. Jendea larunbat goizeko merkatuan barreiatu da, hain zuzen, Palestinan gertatzen denaren inguruko sentsibilizazio lana egiteko. Eta Zokoburu aldera joan dira manifestariak, 13:00etako ekitaldia ikustera. Bertan zegoen Nagore Aranzabal, atzo Iruñean egondakoa ibilaldiko zati baten egiten. «Hiru oren eta erdi inguru ibili ginen, agian milatik gora jende. Ez diogu mobilizatzeari utzi behar, bistan da. Euskal Herria elkartasun herria izan da beti, eta orain berriro ere erakusten dugu elkartasunerako prest gaudela». Bizpahiru traineru uretara atera dira, Palestinako banderak zeramatzatenak, eta traineru bateko arraunlariek banderola zabaldu dute: «Genozidioa stop».

Palestinako bandera Maulen
Frantziako presidente Emmanuel Macronek astelehenean aitortu beharko luke Palestina estatu gisa, Nazio Batuen Erakundeko biltzar nagusiko hitzartzean. Hori kontuan harturik, Mauleko auzapez Louis Labadotek Palestinako bandera herriko etxearen aitzinaldean jartzea deliberatu zuen atzo. Oren gutxi iraun du gainean ikurrak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak laster galdegin baitio auzapez komunistari banderaren kentzea, «errepublikaren printzipioen aurkakoa» delakoan. Ici Euskal Herri irratiak agertu duenaz, kexu hartu du agindua Labadotek, eta ez du baztertu zenbait egunen buruan berriz ere jartzea bandera.Â