«Israel babesten dutenak, armatzen dutenak, finantzatzen dutenak eta harekin negozioak egiten dituztenak genozidioaren konplize dira». Mezu argia helarazi dute gaur, Gasteizen, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek. Manifestazioa egin dute 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, Eutsi, Palestina! Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera lelopean.
Amaierako ekitaldian, nazioarteko erakundeak genozidioari ematen ari zaizkion erantzuna kritikatu dute: «Estatuek ez dute ezer egiten, eta erakundeak eta enpresak konplizeak dira». Bi estaturen konponbidea babesten duten politikarien «adierazpen lotsagarriak» ere deitoratu dituzte: «Gainera, dirudienez, promes epelak eta keinu txikiak txalotu egin beharko genituzke. Berez, botoak lortzeko helburua besterik ez dute. Eta gauza horiek egiten dituzten bitartean, genozidak babesten jarraitzen dute diruz eta armak salduz».
Hori ikusita, herritarren jarrera goraipatu dute, eta desobedientzia zibileko ekintzak eta boikotak nabarmendu. Beste zenbait egitasmoren artean, gogoan izan dituzte Global Sumud Flotilla eta han diren euskal herritarrak: «Flotillak erakusten du estatu genozidaren aurka mobilizazio herritarra eraginkorra dela, haien gorputzak jarriz erresistentzia baketsua planteatzen baitute». Flotilla defendatzeko Europako zenbait herrialdek egin dituzten iragarpenen hipokrisia seinalatu dute: «Laguntza militarra bidali nahi badute, bidal dezatela Gazara, eta ez zuriak babestera».
Larunbatean, Iruñean
Gogorarazi dute Israel Gazan duen helburua betetzen ari dela, joan den astetik lurrez ere erasotzen ari baitzaio Gaza Hiriari, hura erabat suntsitzeko helburuz. Xedea Palestinako biztanle guztiak hiltzea dela uste dute Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek: «Israelgo erregimen koloniala aurrera doa Palestinako biztanle guztiak akabatzeko planean. Eta plan hori Palestinako lurralde osoan egiten ari da, bai Gazan, baita Zisjordanian ere».
Azkenik, esan dute borrokan jarraituko dutela «erregimen kolonial hori erabat desegin arte», eta dei egin dute datorren larunbatean Iruñean egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzera.