Israelgo entitateak euskal ikerketa zentroen proiektuetatik kanporatzeko eskatu dute zenbait ikertzailek

Biogipuzkoa, Bioaraba, Biobizkaia eta Biosistemak zentroetako zenbait ikertzailek Researchers for Peace taldea sortu dute. Haien ustez, genozidio baten aurrean ikerkuntza ezin da neutrala edo konplizea izan.

Researchers for Peace (R4P) ikertzaileen taldeak gaur Donostian eman duten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Researchers for Peace (R4P) ikertzaileen taldeak gaur Donostian eman duten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2025eko abenduaren 3a
16:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko osasun ikerketa zentroek Israelgo erakundeak ikerkuntza proiektuetatik kanpora ditzatela eta ikertzaileek kontzientzia eragozpenerako duten eskubidea blindatzea. Horiexek dira Researchers for Peace (R4P, bakearen aldeko ikertzaileak) taldeak gaur plazaratu dituen eskaerak. R4P izeneko taldea sortu berri dute Biogipuzkoa, Bioaraba, Biobizkaia eta Biosistemak EAEko ikerketa zentroetako zenbait ikertzailek. Talde hori eratzeko grina piztu diete Israel Palestinan egiten ari den genozidioak eta EAEko armagintza industriaren gorakadak.

200 ikertzailek babestu dituzte eskaera horiek, eta mugimendu berriaren lehenengo ekintza izan da lau ikerkuntza zentroetako zuzendaritzei gutun batean helaraztea.

Talde sortu berriak gogorarazi duenez, Israel Palestinan egiten ari den genozidioak larriki urratzen du nazioarteko zuzenbide humanitarioa. Hori dela eta, exijitu dute EAEko osasun ikerketa zentroetako proiektuetan parte hartzen ari diren Israelgo entitate publiko zein pribatuak kanpora ditzatela.

Eskaera horiek jaso dituzte gutun batean, eta lau zentroetako zuzendaritzei helarazi diete gaur. Egitasmoaren berri emateko Donostian egindako prentsaurrekoan, Ana Gorostidi Biogipuzkoako ikertzaileak hitz egin du, eta azaldu du osasun ikerketa zentroetako zuzendaritzek eskura dituztela Israelgo taldeen parte hartzeari buruzko datuak, eta, beraz, zuzendaritza horiek badakitela zenbat proiektutan ari diren Israelgo taldeekin eta zenbat kolaborazio dauden.

Pablo Barcok, berriz, argitu du haien asmoa ez dela proiektuak aldatzea edo arriskuan jartzea. Haien proposamena, ostera, zera da: «Ikerkuntza partzuergoek presioa egitea Israelgo entitateak kanporatzeko», eta etorkizunean ere parte ez hartzeko. Ikertzaileek aipatu dutenez, Horizon Europe aurrekontuek finantzatutako hainbat proiektutan ari dira parte hartzen modu zuzenean Israelgo entitateak, eta, jakinarazi dutenez, horietan euskal erakundeek ere laguntzen dute.

Kontzientzia eragozpena blindatzea

Horrez gain, arrazoi bioetikoengatiko kontzientzia eragozpenaren eskubidea blindatzeko eskatu dute, bereziki, arlo militarreko entitateek parte hartzen dutenean eta «genozidioetan edo gizateriaren aurkako krimenetan laguntzen ari diren kasuetan».

Eskaera horiek gauzatzeko bi proposamen zehaztu ditu ikertzaileen taldeak: batetik, Israelen parte hartzeari betoa ipintzeko klausulak onartzea, eta, bestetik, aurrekontuetako diru sailen gardentasuna bermatzea. Modu horretan, argi eta garbi ikusi ahalko da genozidioa eta apartheida sustatzen duten estatuetako entitateei egiten zaien ekarpena.

Material biosanitarioari dagokionez, erosketa kontratuak berrikusteko eskatu dute, eta proposatu dute Israelgo hornitzaileak kontratu horietatik alboratzea. Ikerkuntza zentroetako zuzendaritzek sinatu dituzten genozidioaren aurkako neurriak ondo ikuskatzea ere exijitu dute, «horiek benetako inpaktua izan dezaten».

Taldeko bozeramaileek esan dutenez, jada ez du inork zalantzan jartzen Palestinan gertatzen ari dena genozidio bat denik. Argi utzi dute haiek ez dutela genozidio horren «konplize izan nahi».

«Lan esparruan eta arlo akademikoan boikota sustatzeko sare baten inguruan batu gara», jakinarazi dute. Hori dela eta, uste dute Israelekin kolaboratzen duten entitateen desinbertsioa sustatu beharko litzatekeela, baita isunak ere.

Talde sortu berri horren asmoa da ezagutza etikoki sendotzea. Ikertzaileen esanetan, osasun ikerketa ezin da neutrala edo konplizea izan; «ikerkuntzak, hezkuntzak eta osasun jarduerak beti gizakiaren alde, nazioarteko zuzenbidearen alde eta justiziaren alde» kokatu beharko lukete, eta ez, interes ekonomikoen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.