Parisko Helegite Auzitegiak atzeratu du Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontrako euroaginduei buruzko erabakia, hari Istanbulgo Protokoloa ezarri ahal izateko. Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru euroagindu eskaera egin ditu Sorzabalen kontra, 1995ean eta 1996an gertaturiko hiru atentatu direla eta, presoa Espainiara bidali eta han hiru atentatu horiengatik epaitzeko asmoz. Atxilotuta egon zen bitartean Sorzabalek egindako deklarazioa hartu du oinarri Auzitegi Nazionalak.
Orain, baina, Parisko Auzitegiak onartu egin du Sorzabalen abokatuaren eskaera, eta abenduaren 6ra arte atzeratu du hiru euroagindu horien inguruko ebazpena. Tarte horretan, Istanbulgo Protokoloan aurreikusten diren azterketa psikologikoak egingo dizkiote Sorzabali, 2001eko deklarazio hura torturapean egin ote zuen jakiteko.
2015eko irailaren 22an berriro atxilotu zuten Sorzabal, eta geroztik preso dago Frantzian. Atxilotu zutenean, ETAko buruzagitzat jo zuen Espainiako Barne ministerioak.