«Sexu merkatuaren kontra borrokatzea, eta konplize orori aurre egitea». Itaia emakumeen antolakunde sozialistak aldarrikapen horiek eraman ditu gaur kalera Euskal Herrian atzemandako sexu esplotazioko sarea salatzeko. Hemeretzi pertsona atxilotu dituzte, eta prostituzioan aritzera behartutako 34 emakume askatu.
Sexu esplotazioari aurre egin! lelopean egin dituzte mobilizazioak: atzo iluntzean Iruñean, eta gaur arratsaldean Bilbon eta Gasteizen. Adierazi dutenez, milioika emakume sexualki esplotatzen dituzte zenbaiten irabazi ekonomikoak bermatzeko, eta aste honetako gertakariak «argi erakusten du zein den sexu esplotazioaren errealitatea» Euskal Herrian. Hortaz, beren irudiko, guztiek kalitatezko bizi baldintza berak izateko, prostituzioa amaitzeko bidean lan egin behar da: «Sexu merkatuaren aurka borrokatu, merkatu horren konplize orori aurre egin, eta egoera horietan dauden emakumeekin batera euren bizi baldintzen alde borrokatu».

Esplikatu dutenez, emazteki anitzek bizirik iraunen dutela bermatzeko jo behar izaten dute prostituziora, eta bertze anitz «esplotazio sareetan kateatuta iristen dira prostituziora». Nabarmendu dute, gainera, gehienetan emazteki etorkinak izaten direla, horietako asko egoera zaurgarrian izaten baitira.
Hori ikusirik, beharrezkotzat jo dute prostituzioa amaiaraztea, azpimarratuta hori egiteko «forma bakarra» sistema kapitalista suntsitzea dela: «Kapitalismoak sortzen dituen desberdintasun sozialak amaitzeko eta, horri lotuta, emakumeon gainean eraikitako objektu sexual iruditeria amaitzeko».