Askatasunaren Flotillako Kate ontzia sartu zen modu berean irten da Bilbotik: txalo artean eta jende olde batek lagunduta. Gaurkoan, baina, bizikletak utzi eta uretara egin dute salto, ontzi batean elkartu baitira dozenaka ekintzaile eta bizilagun. Larunbat arratsaldean ailegatu zen Kate Euskal Herrira, eta hiru eguneko geldialdiaren ondoren, badoa hurrengo geltokira: Vigora (Galizia).
Askatasunaren Flotillak helburu argi bat du: Israelek Gazan ezarritako setioa haustea. Halere, nabigazio ibilbide honetan badute beste asmorik ere; hots, Europako gobernuei exijitzea Israelekin dituzten harreman oro etetea. Presio egin nahian antolatu dituzte, hain justu, geldialdiak eta etenak, lurralde bakoitzeko Palestinaren aldeko eragileekin antolatuz, eta saretuz.
Horixe baita bidaiaren beste gakoetako bat: nazioarteko elkartasuna eta babesa sustatzea. Eta horren adierazle, esaterako, ontzi batean kabitu diren askotariko hizkuntzak, jatorriak, adinak, generoak eta bizipenak. «Denak dira ongi etorriak», esan du Abdullahk —ez du abizenik eman nahi izan—, eta aitortu du hobe sentitzen dela olatuen kulunkan lurrean baino. Handala II ontzian zihoan hura, baina zenbait arazo tekniko dela eta, ibilbidea eten behar izan zuen joan den astean. Oraingoz, Kate-k soilik eutsiko dio bidaiari.
Atzean gelditu da Palestinako banderolaz eta ikurrinez betetako ontzia, eta Kate bakar-bakarrik doa Bilboko portutik barrena. Eraikin erdi abandonatuak eta fabrikak errekaren alde banatan, eta Palestinako ikurrak tarteka-tarteka. Iristen dira oinezkoen oihuak eta animoak ere: «Boikot Israel, Palestina askatu».
Ez aurrena, ez azkena
Hamasei urte bete ditu aurten Askatasunaren Flotillak, 2010ean sortu baitzuten. Urte hartan egin zuten, hain justu, aurreneko bidaia Gazaruntz, eta Israelgo Gobernuak gogor erantzun zuen: eraso egin zioten Mavi Marmara ontziari, eta bertan zihoazen hamar ekintzaile hil. Halere, Askatasunaren Flotilla itsasoratu da beste zenbait aldiz. Mugimenduko kideen arabera, orain «inoiz baino beharrezkoagoa» da hitzak bazter utzi eta ekitea.
Urtarriletik hona, bigarrenez ekin dio saiakerari Askatasunaren Flotillak. Pasa den udaberrian itsasoratu ziren, eta orduko hartan ere Israelgo Gobernuak gogor erantzun zien ontziei. Mugimenduko kideek behin baino gehiagotan salatu dute, hain zuzen, Israelgo soldaduek ontzietako kideak «torturatu eta jipoitu» zituztela. Halere, argi diote erantzun horrek ez dituela «geldiaraziko».
Bizkaia zubia atzean utzi, Getxoko (Bizkaia) portuan Kate-ri jaten eman, eta guztia prest dago itsasoan aurrera egiteko. Datozen egunetarako pronostikoa egokia da: haizea alde, zerua oskarbi eta itsasoa bare. Gaza dute helmuga, baina hara bidean Galiza, Portugal, Espainia eta Italia zeharkatuko dituzte; ontzitik ez ezik, lehorretik ere presio egin, eta saretzeko.