Itsasuko Herriko Etxeak Olhagarairen murala defendatu du, baina hura ezabatzeko bideak hasi

Iparretarrak erakundeko militantearen omenezko margolana egitea bultzatu zuen Goooxoan elkarteak manifestazioa antolatu du larunbaterako.

Txomin Olhagarairen omenez egin margolana, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Txomin Olhagarairen omenez egin margolana, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 8a
13:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Adiskidetzeak eta bakeak irauteko biderik ukanen dute, besteak beste, borroka bortitz horietan pairatu edo hil direnak isiletik eta itzaletik ateratzen badira». Hala iritzi diote Itsasuko (Lapurdi) Herriko Etxeko hautetsiek. Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetak galdegin ondotik Txomin Olhagarai IK Iparretarrak talde armatuko militantearen omenez egindako murala ezabatzea, agiria idatzi dute, eta «harridura» agertu gertakariaren oihartzuna ikusita. Abokatuek hala aholkaturik, jakinarazi dute zenbait garbiketa enpresarekin harremanetan jarri direla murala ezabatzeko. Margolana bultzatu zuen Goooxoan elkarteak manifestaziora deitu du larunbaterako.

Agorrilaren 23an estreinatu zuten oroimenezko margolana, Itsasuko bestetako igandean. Olhagarairen aurpegia ageri da hartan, Euskal Herria irudikatzen duten hainbat marrazki eta sinboloz inguratua. Gainean, esaldi bat du: Lur huntan landatu dugu hitza. Herri libre baten promesa. Olhagarai eta Txomin Arruiz IKko militanteak 1980ko martxoaren 26an hil ziren, Baionan, suprefeturaren kontra  egiteko ezarri nahi zuten lehergailua eskuetan lehertu zitzaienean. Atentatu saiakera hari gorazarre egitea leporatu zien prefetak murala bultzatu zutenei, eta Itsasuko auzapezari eskatu zion margolana ezaba zezala, eraikin publikoek «neutroak» izan behar baitute.

Itsasuko hautetsiek idatzi duten agirian ironiaz aipatu dute «hurbileko eta urrunagoko prentsa guziak» aferari emandako oihartzuna: «Fetet jaunak bortizki kondenatu du Olhagarairen omenez Sanoki gelan margotua zena, salatzen zuela lege urraketarik gorena eta agertzen zuela dosierra lurralde honetako lehentasun nagusietan», adierazi dute. Jakinarazi dutenez, agorrilaren 31n eskuratu zuten Frantziako Estatuko ordezkariaren gutuna, eta «alderdikeria» eta «neutraltasunaren araua» haustea leporatu zien hartan. 

Engaiamenduaren omenez

Feteti eman dioten erantzunaren berri ere jaso dute Itsasuko hautetsien agirian. Adierazi dute herriko gazteek eta hautetsiek 50 urte lehenago zendu zen «artzain eta laborari gaztearen engaiamendua omendu» nahi zutela, «lehiatu baitzen lurraren, hizkuntzaren eta Euskal Herriaren etorkizuna zaintzen». Oroitarazi dute azken urteetan hautetsiak sutsuki mobilizatu direla, «Euskal Herria arma bideetarik alde bat ateratzeko», eta baieztatu dute Itsasuko herritarrek ere «bakearen aldeko ibilbide horretan» parte hartu dutela.

Halaber, uste dute elkarbizitzaren ideia herritar askok onartzen dutela, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela gatazka armatuaren ondorioz sufritu edo bizia galdu dutenak oroitzea. «Gure herriko hautetsiak gogo horretan ziren aho batez baimendu zutelarik Txomin Olhagarairen omenez margotuko zen irudia».

Goooxoan elkarteak prentsaurrekoa eginen du bihar goizean, aferari buruz zer «ikusmolde» duten argitu eta zer segida eman nahi dioten adierazteko. Jadaneko jakinarazi dute manifestaldia eginen dutela larunbatean; Itsasun eginen dute, 15:00etan, Gure memoria defenda dezagun. Frantziako Estatuaren inposaketari ez! lelopean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA