Txomin Olhagarairen omenez egin margolana ezabatzea galdegin du prefetak

Agorrilaren 23an estreinatu zuten oroimenezko margolana, Itsasun. Prefetak atentatu huts egin baten «goraipamen» gisara hartu du obra, eta auzitara jo, egoitza publiko baten paretan egina dela argudiatuta.

Txomin Olhagarairen omenez egin margolana, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Txomin Olhagarairen omenez egin margolana, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2026ko abuztuaren 26a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefet berriak ez du denborarik galdu. Atzo arratsean karrikaratu agiri batean, Txomin Olhagarai Iparraterrak (IK) taldeko kide ohiaren omenez agorrilaren 23an egin margolana ezabatzea galdegin dio Itsasuko Herriko Etxeari (Lapurdi). Haren erranetan, Iparretarrak-eko kideek huts egin zuten atentatu baten «goraipamena» irudikatzen du obrak, eta iragarri du auzitara joko duela, Frantziako Zigor Kodearen 40. artikuluari jarraikiz. Gainera, Itsasuko auzapezari galdegin dio margolana ezabatzea, eraikin publiko batean egina baita, eta eraikinak «neutroak» izan behar baitira mezuei dagokienez. Itsasuko auzapez Mizel Hiribarrenek erran du ez dutela adierazpenik eginen oraingoz. 

Igandean estreinatu zuten oroimenezko margolana hainbat herritarrek, Itsasuko besten karietara. Antolatzaileen erranetan, margolana ez da bakarrik iraganaren omenez egina izan. Etorkizuna eraikitzeko «itsasargi indartsu bat» da haientzat, estreinan irakurri zuten agirian erran zutenez. Azpimarratu zuten 1980ko martxoaren 26an hil ziren IKko bi militanteak, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz, Ipar Euskal Herriaren «autonomiaren alde engaiatu» zirela. Jartzen ari ziren lehergailu bat zapartatzean hil ziren bi kideak.

«Historikoki» Frantziak Ipar Euskal Herrian «eragin bortizkeria» salatu zuten antolatzaileek igandeko ekinaldian, eta «egiazko» autonomia lortzeko proiektua babestu: «Eskumen zabalekin, herritarrek zuzenki kudea ditzaten lurra eta etxebizitza, laborantza herrikoia, euskararen aldeko plangintza eraginkorra, eta ekonomia eta turismo mugatua eta jasangarria». Eta gehitu zuten IKko kideak «gizarteko gai guziak kudeatzeko autonomia lortzearen alde» borrokatu zirela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA