EUSKARA

Itunpeko euskaltegiek ohartarazi dute %25etik gora jaitsi direla izen emateak

Euskaltegietako ordezkariek uste dute krisi ekonomikoak eta euskarak "prestigioa" galdu izanak eragin dutela jaitsiera hori. Bilera egin dute Jaurlaritzarekin, zer egin aztertzeko. Jaurlaritzak dio kanpaina amaitu arte itxaron behar dela analisi sakona egiteko.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 28a
16:22
Entzun

Itunpeko euskaltegiek alarma deia jo dute: behin-behineko datuen arabera, %25 baino gehiago egin dute behera izen emateek. Horrek kinka larrian utziko dituela ohartarazi dute. Gaur goizean bilera egin dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzarekin, zer egin aztertzeko. Jaurlaritzak esan die egoera zertan den aztertuko duela, baina azaldu die oraindik ere denbora falta dela matrikulazio kanpaina ixteko eta epea amaitutakoan egin behar dela analisi sakona.

Bi arrazoi ikusi dituzte jaitsiera handi horren atzean euskaltegiek, Mertxe Mugika AEK-ko ordezkariaren esanetan: krisi ekonomikoa eta euskarak "prestigioa" galdu izana. "Beste hizkuntza batzuk ikastera jo du jendeak", ohartarazi du. Haren hitzetan, hori gertatu da azken urteetako hizkuntz politika "okerra" izan delako. Hegoaldeko lau herrialdeetan egin du behera matrikulazioak, Mugikaren arabera. "Iparraldean dugu itxaropenerako tartea: iazko paretsu gabiltza".

Eusko Jaurlaritzak eta euskaltegiek urriaren 8rako jarri dute beste hitzordu bat. Ordurako datu xeheagoak izango dituzte izen emateei buruz. Bilera horretan, "malgutasuna" eskatuko diote euskaltegiek gobernuari; hots, gelak-eta sortzeko irizpideetan zurrun ez jokatzeko, egoera ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.