Eusko Jaurlaritza aurrekontuen gabeziari aurre egiteko lege proposamena prestatzen ari da, eta proposamen horretan jasoko dituen neurrietako hainbat azaldu ditu, gaur, Erkoreka bozeramaileak, gobernu kontseiluaren osteko ohiko agerraldian. Jakinarazi duenez, neurri sorta horretan bilduko dituzte langile publikoentzako soldata igoera, DSBEren emendatzea eta itunpeko ikastetxeentzako hitzarmenaren "gaurkotzea eta hobekuntza".
Kristau Eskolan sindikatuek asteazkenetik aurrera deitu duten zortzi eguneko grebari buruz, nabarmendu du langileen baldintzei dagokion heinean, patronalarena eta langileen ordezkariena dela ardura. Gobernuak negoziazioetatik kanpo geldigu behar duela defendatu du, kontrakoa gobernuaren esku hartze "justifikaezina" litzatekeelako.
Erkorekarekin batera, agerraldian izan da Maria Jesus San Jose Lan sailburua ere. San Josek ez du argitu nahi izan Jaurlaritzak zenbateko gutxieneko zerbitzuak ezarriko dituen, baina aurreratu du aurreko greba deialdietan izan zen irakasle kopurua gaindituko duela. "Ez da gauza bera egun bateko greba ala zortzi eguneakoa", argudiatu du.
Ikastetxe erlijiosoetako gurasoen elkarteetako ordezkariak Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin elkartu ziren, atzo. Bileraren ostean, Uriartek "arduraz" jokatzeko eskatu zien Kristau Eskolako sindikatuei.