Hauteskunde kanpaina batean inoiz egindako ekitaldi politikorik handiena osatzea agindua zuen EH Bilduk, eta hitza bete du gaur arratsaldean, Bilbon. Eta «apaltasunez» baina «harrotasun guztiarekin», halaxe aldarrikatu du Arnaldo Otegik: «Ez da egongo inon hainbeste jende bilduko duen ekitaldi politikorik kanpaina honetan. Hori guk bakarrik egiten dugu, EH Bilduk egiten du». Azaroko manifestazio handia mitin bihurtuta, egunero eta bereziki azaroaren 29ko bozetan faxismoaren aurka egitera deitu du koalizioko idazkari nagusiak milaka lagunen aurrean. Eta haien konpromisoa berretsi du: «Ez gara etorri etsipena kudeatzera; itxaropenaren gobernuak eraikitzera etorri gara, jendearen espektatibak handitzeko anbizioz gobernatzera etorri gara».
Hurtado Ametzaga kalea beteta zegoela egin du Otegik mintzaldia, eszenatokian jarritako pantailek zuzeneko irudietan erakutsi dutenez. Baina, aurrez, Autonomia kalea ere osorik betetzea lortu du beste behin EH Bilduk. Euskal Herria defendatu lelopean egin du manifestazioa, ohikoa denez, Casilla plazatik abiatuta. Independentziaren aldeko aldarriek hauspotuta, pankarta hartu dute koalizioaren zuzendaritzako kideek eta Espainiako Gorteetarako bozetan zerrendaburu izango direnetako gehienek, hala nola Oihana Etxebarrietak, Oskar Matutek, Mikel Oterok eta Eneka Maizek.
«Batzuek uste dute herri hau txikia denez mugatuta dituela anbizioak. Baina ez gara honaino iritsi atarian geratzeko, eta ez dugu baimenik eskatuko bukaeraraino heltzeko»
ARNALDO OTEGI EH Bilduren idazkari nagusia
Martxak aurrera egin ahala, bide ertzetan zabaldutako pankartak ere batuz joan dira, mezu argiekin: «Euskal errepublika», «Demokrazia», «Askatasuna», «Euskara ofiziala», «Justizia soziala». Eta Zabalburutik begiratuta, Autonomia kalea mukuru agertu da: pertsonez, aldarriz, banderez... eta botoez. Izan ere, plazara iristean, boto paperen antzeko kartoiak altxatu dituzte 40.000 lagunek baino gehiagok.
Baina egiaz Hurtado Ametzagaren amaierara heltzean hartu du kanpaina kutsua manifestazioak. Bertan zain izan baita agertoki handi bat, bi pantaila handirekin, eta irudiotan, EH Bilduren marka. Arnaldo Otegik baino ez du hitza hartu, eta handik minutu gutxira euria hasi du. «Gu ez gara izutuko», esan du txantxetan. Mezu baikorra gailendu da haren mintzaldian. Batik bat EAJtik iritsitako kritikei ere ez die erantzun nahi izan: «Gurea proiektu alaia da, sendoa, askatzailea; ez du behar ez lokatzik, ez zaratarik, ez isekarik».
Euskal errepublikarantz
Izan ere, koalizioan lasaitasunez ari dira lanean, idazkari nagusiak behin baino gehiagotan nabarmendu duenez. «Gu militanteak gara, herritarrak gara, jende konprometitua. Ideien laborariak gara. Lehenik, ideiak ereiten dira, gero gehiengo sozialak artikulatzen dira, eta azkenean euskal errepublika demokratiko, sozialista, euskaldun eta feminista aldarrikatzen da». Ereite lan hori toki guztietan eta hainbat urtez egin ostean, ideiok ernaltzen eta loratzen ari direla erantsi du: «Ez dago ezer ahaltsuagorik garai egokia heldu zaion ideia bat baino. Eta gure garaia heldu da!».
Ildo horretan, independentzia zuzenean aipatu gabe, egitasmo subiranistarekiko grinaz mintzatu da Otegi. Besteek ezarritako mugak ez onartzera deitu du: «Batzuek uste dute herri hau txikia denez mugatuta dituela anbizioak. Horiei zera esan nahi diegu: ez gara honaino iritsi atarian geratzeko, eta ez dugu baimenik eskatuko bukaeraraino heltzeko». Izan ere, «paradoxikotzat» jo du Espainian gobernu aurrerakoi bat osatzeko estatutik alde egin nahi duten indar politikoen premia izatea. «Galdetzen digute zergatik garen independentistak; estatuan eraikitzen den edozein gobernu gutxiengo politikoa delako herri honetan. Eta guk hemen erabaki nahi ditugu gauza guztiak, inongo mugarik gabe. Herri honetan gehiengo sozial antifaxista argi bat dagoelako».

Bide hori jorratzen jarraitzeko, baina, azaroaren 29ko bozetan «garaitu» nahi du koalizioak: «Gure ametsak faxisten amesgaizto bilakatu. Berriro erabakigarri izan behar dugu, eta indartsuago atera behar dugu». Hala, ekitaldian izandakoei konpromiso bat eskatu die Otegik: aurrez koalizioari botoa eman ez dion jendea erakartzen saiatzea. «Oraingoan, EH Bilduri botoa ematea ez da sigla bati botoa ematea, baizik eta herri honen etorkizunaren alde botoa ematea; emakumeen, gazteen, langileen alde. Antifaxismoari botoa ematea da».
Izan ere, segurtasun faltaren eta tristuraren garaiotan, «itxaropenaren bandera» altxatu nahi du Otegik. Jendetzak osatu duen «parlamentu nazional eta herritarraren» aurrean, hautetsontzietan ez ezik kalean ere indartzen eta konfiantza sendotzen jarraitzeko konpromisoa hartu du: «EH Bildu herri honen esperantza da, eta ez dugu huts egingo. Irabaztera goaz, itxaropenak goberna dezan».