Itxasok uste du beharrezkoa dela etxebizitza eskaintza handitzea tentsio eremuetako egoerari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren arabera, 2025eko azken hiruhilekoan alokairu libreko prezioek behera egin zuten Donostian, Errenterian, Irunen eta Lasarte-Orian; halere, ohartarazi du datu horiek «zuhurtziaz» interpretatu behar direla.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, gaur, prentsaurrekoan. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, gaur, prentsaurrekoan. IREKIA
maddi iztueta olano
2026ko uztailaren 27a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak argi du zer egin beharko litzatekeen tentsio eremu izendatutako udalerrietako egoera hobetzeko: etxebizitzen eskaintza handitu. Hala esan du gaur emandako prentsaurrekoan; ez du aipatu, halere, helburu hori nola bete. Tentsio eremuetarako diseinatutako neurrien lehenengo aplikazioaren balorazioa egin du, eta jakinarazi duenez, iazko azken hiruhilekoan alokairu libreko prezioek behera egin zuten Gipuzkoako hainbat udalerritan, hala nola Donostian (%3,7), Errenterian (%4,1), Irunen (%3) eta Lasarte-Orian (%0,6). Halere, datu horiek «zuhurtziaz» interpretatu behar liratekeela azpimarratu du.

Prezioek behera egin duten arren, mantendu egin da alokairuan erregistratutako etxebizitzen kopurua. Iazko hiruhilekoan bildutako datuei erreparatuta, alokairu libreko 86.522 kontratu daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; hots, inoizko gehien. Lurraldeei dagokienez, Bizkaian daude horietatik gehien: 42.927; Gipuzkoan, 31.351; eta, Araban, 12.244.

Itxasoren arabera, kopuruak «argiak eta itxaropentsuak» dira, baina ohartarazi du «goizegi» dela hiruhileko jakin bateko emaitzak joeratzat jotzeko. Are, nabarmendu du beheranzko bilakaera ez litzaiokeela neurri bakar bati egotzi behar: «Fidagarriagoa izango da tresna guztiak martxan jarri ahala: alokairuaren legezko mugak, kontratuen ezohiko luzapenak, erreferentzia-prezioen indizeak eta zerga-pizgarriak. Lau neurri horien konbinazioak lagundu diezaguke alokairuaren merkatu libreko prezioei eusten».

Dena den, datuak ez dira joera orokor baten adierazle, ezta tokian-tokian berberak ere. Kasurako, Bizkaian %2,1 egin dute gora alokairu libreko kontratuen prezioek: hots, 890,7 eurotik 909,4 euroraino, batez beste. Hala gertatu da, adibidez, Bizkaian biztanle gehien dituzten hiru udalerrietan: Bilbon (%2,2); Barakaldon (%1,8) eta Getxon (%5,5). Halere, Itxasok argudiatu du datu horiek Bizkaian erreferentzia-indizea martxan jarri aurrekoak direla, eta, hortaz, ikusteko dagoela datozen hilabeteetan zer bilakaera izango duten. 

Publiko eta eskuragarri

Tentsio handiko eremuetan aplikatutako neurriek maizterren behin-behinekotasuna mugatu dezaketela ere esan du Itxasok, jabeek ezin baitute errenta «arbitrarioki» handitu maizter berrientzat. «Baliteke hurrengo estatistikek adieraztea errotazioa murriztu dela eta eskaintza txikiagoa dela; alokairuko etxebizitzek maizterrak etxebizitzetan mantentzeko joera dute, eta, beraz, pisu horiek ez dira berriro merkaturatzen», gaineratu du.

Horrekin lotuta, sailburuak nabarmendu du alokairuen bitartekaritza publikorako Bizigune programa hazten ari dela. Haren arabera, denera 7.499 etxebizitza biltzen ditu programak; horietatik gehienak, 4.605 etxebizitza, Bizkaian daude; Gipuzkoan, 2.054; eta Araban, berriz, 840. «Tentsio egoeratik ateratzeko, ezinbestekoa da parkea handitzea. Arauketak gehiegikeriak izan ditzake, maizterrak babestu eta merkatuari egonkortasuna eman dakioke, baina egiturazko konponbidea lortzeko, beharrezkoak dira etxebizitza babestu gehiago, alokairu eskuragarri gehiago eta erakundeen arteko lankidetza handiagoa», gehitu du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA