Itxialdiak egiten ari dira ikastoletako langileak, Jaurlaritzari lan akordioa betetzeko eskatzeko

LAB sindikatuak deituta, 27 ikastolatan igaroko dute gaua beharginek. Hezkuntza Sailari egotzi diote 2023ko akordioari «izkin egitea».

27 ikastolatan ari dira itxialdiak egiten; irudian, Abusukoa, Bilbon. LAB SINDIKATUA
27 ikastolatan ari dira itxialdiak egiten; irudian, Abusukoa, Bilbon. LAB SINDIKATUA
Maite Asensio Lozano.
2025eko azaroaren 26a
19:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langileek itxialdiak abiatu dituzte gaur arratsaldean, eta gaua ikastetxeetan igarotzekoak dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera salatzeko: 2023an sinatutako lan akordioa ez betetzea leporatu diote. LAB sindikatuak deituta, Tolosan (Gipuzkoa) egin dute agerraldia eskualdeko langileek, eta gogora ekarri dute ikastoletako beharginen soldatak sare publikoko langileenekin parekatzea adostu zutela, baina Jaurlaritza akordioari «izkin egiten» ari zaiola deitoratu dute.

Guztira 27 ikastolatan egiten ari dira itxialdia LABeko ehunka langile. Ekainetik ari dira lan akordioaren inguruan protesta egiten, eta sindikatuak berretsi du bertan jasotako konpromisoak bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa hartua duela.

2023ko ekainean sinatu zuten LABek, UGTk eta Interinoak taldeak lan akordioa Hezkuntza Sailarekin. Bi konpromiso nagusi hartu zituen gobernuak, sindikatuak oroitarazi duenez. Batetik, ikastoletako langileen soldatak sare publikokoekin parekatzea hitzeman zuen, baina, LABen arabera, Jaurlaritzak ez du hori bete langile guztiekin. Bestetik, lan baldintzak sare publikoko beharginenekin homologatzearen inguruko azterketa bat egitea ere adostu zuten, baina horretarako ezarritako epea «aspaldi» bukatu zela dio LABek, eta «hasteko borondatearen zantzurik ez» dela.

ELAren eskaintza LABi

ELA sindikatuak, aldiz, uste du ikastoletako lan hitzarmena berritu behar dela, eta, beraz, LABi proposatu dio horren aldeko negoziazio eta mobilizazio dinamika bat abiatzea. Izan ere, ELAren iritzirako, 2023ko lan akordioaren edukiak «eskasak eta bermerik gabekoak» dira ikastoletako langileentzat, eta gainera, itun hori iraungita dago 2024ko abendutik. «Hitzarmen hura LABek sinatu zuen, Partaide eta EIB patronalekin; ELAk ez, arrazoi hauengatik: hitzarmenak ez zuen bermatzen ikastoletako langileek erosteko ahalmenari eustea, ezta erretiro partzial gardena izatea eta lan kargak arintzeko neurri eraginkorrak ezartzea ere», adierazi dute.

ELAk uste du ikastoletan beharrezkoa dela LABek Jaurlaritzarekin sinatutako lan akordioaren esparrua gainditzea, eta negoziazio eta mobilizazio dinamikak abiaraztea langileen eskaera nagusiak jasoko dituen lan hitzarmen baten alde. Horixe egitea proposatu dio LABi, langileen erretiro aurreratuari bide emateko, erosahalmena berreskuratzeko, lanpostuak bermatzeko eta lan kargak arintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.