Itxialdiak ekarritako ondorioetara egokitzen

Konfinamenduan eta ondoren, ikasketa eredu berrietara moldatu behar izan dute euskaltegiek eta ikasleek. Udako jardunean ere eragin du.

Barnetegiak hartzen dituzten etxeetan ere egokitzapenak egin behar izan dituzte. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lazkao
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
COVID-19ak astindu ditu euskaltegiak eta barnetegiak ere. Konfinamendu garaira moldatzeko, ikasketa eredu berrietara egokitu behar izan zuten zentroek eta ikasleek. Aurtengo udako ikastaroak ere egokitu behar izan dituzte Lazkaoko Maizpide euskaltegiak eta Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak, esaterako.

Hezkuntzako alor guztietan bezala, itxialdian Internet bidez eman behar izan dituzte eskolak. Badago bertaratzea derrigorrezkoa ez den ikasketa programa bat, eta, Gabriel Aresti euskaltegiak hori lehendik bermatzen zuen arren, konfinamenduaren aurretik ez zuen bestelako online ikastarorik eskaintzen. Maizpiden, berriz, urte asko daramatzate plataforma digitalen bitartez klaseak ematen. Beraz, Laida Begiristain Maizpideko zuzendariak azaldu du hori abantaila handia izan dela: «Zortea izan dugu bagenuelako online irakasteko prestatutako materiala, eta, egun batetik bestera antolatu behar izan dugun arren, martxan jarraitzeko oinarria bagenuen. Eskerrak».

Gabriel Aresti barnetegiko irakasle Ainhoa Arregik kontatu du irakasleei eta ikasleei «kostatu» egin zaiela egun batetik besterako aldaketara egokitzea: «Beldur eta ezjakintasun handia genuen; zailtasunak izan ditugu, baina elkarri lagunduz moldatu gara». Ikasleek izandako prestutasuna eskertu dute bi euskaltegiek. Begiristainek nabarmendu du txalotzekoa dela egoera berrietara moldatzeko agertu dituen gaitasuna eta jarrera: «Badakigu oso gogorra izan dela haientzat horrela ikasten jarraitzea, eta asko eskertzen dugu haien jarrera».

Egokitzapenak etxean

Azaldu dute batzuetan baliabide falta oztopo izan dela, gailu elektronikorik gabe ikasle batzuek ezin izan dituztelako klaseak telematikoki egin. Maizpiden, helduen taldean ikasle kopurua murriztu zela aipatu du Begiristainek: «Erretiratuen taldeari eskaini genion sarean ikasten jarraitzea, baina hiruzpalau ikaslek bakarrik segitu zuten; tartean zen 70 urteko Kataluniako ikasle bat».

Arregik berretsi du aurtengo barnetegiak «gaitzak ekarritako berezitasunak» dituela. Bakaikuko etxean egokitzapenak egin behar izan dituzte edukiera eta distantziak bermatzeko, eta horrek ikasle kopurua murriztu du. Hala ere, gainerako jarduerak mantentzen saiatzen ari dira: «Jende gutxiago dugunez, espazioak aukerak ematen dizkigu. Abuztuan bertso saio bat egiteko asmoa dugu».

Maizpiden, ordea, moldaketengatik, hainbat jarduera bertan behera geratu dira. «Pena handia da, baina, areto nagusiaren edukiera murriztu behar izan dugunez, ez dira ikasle guztiak sartzen. Ekintza horietan herritarrek ere parte hartzen dute, eta aurten halakoak bertan behera geratu dira», azaldu du zuzendariak.

Bestalde, aurten kanpoko ikasle gutxiago jaso dituztela aipatu du Begiristainek; haren aburuz, zerikusia izan dezakete koronabirusak eragindako mugimendu murrizketek eta beldurrak: «Ikasle gehienak Euskal Herrikoak dira, baina Espainiatik eta Europatik ere etortzen dira. Aurten nabarmen jaitsi da nazioarteko ikasleen kopurua». Ez daukate oso garbi datorren ikasturtea nolakoa izango den, unean uneko erabakien eta protokoloen arabera moldatu beharko baitituzte ikastaroak. Momentuz, jarduera presentzialak baimenduta daude, betiere jende kopurua mugatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.