Itxialdiak maiatzaren erdialdera arte iraungo du Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak eskatuko du alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko. Sanchezek esan du haurrek kalera ateratzeko baimena izango dutela hilaren 27tik aurrera, «babes neurriak» hartuta.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian, Moncloan. EFE
Andoni Imaz
2020ko apirilaren 18a
20:34
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldi bat egin du gaur, esateko «gogorrena» igaro dela, baina hemendik aurrerakoa «oso zaila» eta «motela» izango dela. Espainiako Gobernuak alarma egoera beste bi astez luzatzeko eskatuko die autonomia erkidegoetako presidenteei eta Espainiako Kongresuari. Maiatzaren 9tik aurrera, hurrengo garaia hasiko da: «deseskalatzea». Sanchezek azaldu du konfinamendua «mailaka eta zuhurtasunez» kenduko dutela, eta prozesua «asimetrikoa» izango dela; autonomia erkidegoek ez ezik, probintzia eta herri bakoitzak ere bere bidea egin lezake, urruntze sozialerako neurriak arintzeko zein atzera gogortzeko. Ipar Euskal Herrian, itxialdiak maiatzaren 11ra arte iraungo du.

Bestalde, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabeek kalera ateratzeko baimena izango dute hilaren 27tik aurrera —egun, alarma egoera 26ra arte dago indarrean—, «babes neurriak» hartuta. Ez adingabe guztiek, segur aski. Sanchezek ez du xehetasunik eman, eta esan du aditu batzordeak datorren astean emango duela baldintza guztien berri, baina aurreratu du Osasun Publikorako legea izango dela abiapuntua. Horren arabera, 12 urteko adingabeak lirateke etxetik irteteko baimena luketen zaharrenak.

«Langileak babes neurriekin hasi dira lanera itzultzen, eta haurrekin ere gauza bera egingo dugu», esan du Sanchezek. Dena dela, bihar bilera bat egingo du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearekin eta gainontzeko autonomia erkidegoetako agintariekin, eta «haien iritziak jaso ondoren» jarraituko dute haurren konfinamenduaren arintzea lantzen.

Egungo egoera beste bi asterako luzatzea da Espainiako Gobernuaren asmoa, baina Sanchezek adierazi du ez dela «konfinamendu bakar bat» izango hemendik aurrera, «zenbait konfinamendu» baizik. Egungo egoera aldatu egingo da datozen asteetan. Gobernuaren aurreikuspenen arabera, maiatzaren 9tik aurrera hasiko da «deseskalatzea», eta «mailaka» arinduko dituzte konfinamenduko neurriak, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuei jarraituta. Hasteko, «neurri bereziak» hartuko dituzte lantokietan eta ikastetxeetan.

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu du «deseskalatzea asimetrikoa» izango dela; hau da, ez dela modu berean egingo Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztietan. Gainera, bereizketa hori ez dute autonomia erkidegoen arabera egingo soilik, eta probintzia eta herri bakoitzak, tokian tokiko egoera aztertu ondoren, ikusiko du aurrera ala atzera egingo duen konfinamendu neurrietan. Sanchezek ez du azalpen zehatzik eman horri buruz ere, azaldu du «markagailu» batzuk jarriko dituztela lurralde guztietan, zientzia batzordeak koordinatuta, eta horien bidez aztertuko dutela pandemiaren bilakaera, egoeraren arabera hartu beharreko erabakiak hartzeko.

«Normaltasun berrirako bidea motela izango da», adierazi du Sanchezek. Dena dela, ez du zehaztu zer mailatan banatuko dituzten konfinamendua arintzeko neurriak. «Oraingoz, zientzia batzordeak esan du adingabeak kalera irteteak ez duela berebiziko arriskurik eragingo, besterik ez».

Sanchezek herritarren «diziplina soziala» eskertu du, eta nabarmendu du «Mendebalde osoko zorroztasunik handiena» erakutsi dutela alarma egoeran. Azaldu du alarma egoera ezarri aurretik COVID-19 gaitzaz kutsatutako eri bakoitzak beste hiru kutsatzen zituela atzetik, eta orain, konfinamenduko neurrien ondorioz, ugalketa indizea bat baino txikiagoa dela; alegia, gaixotutako pertsona bakoitzak beste bat kutsatzen duela gehienez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.