Itxialdiaren gorabeherak (eguneko laburpena)

Beste 34 pertsona hil dira, eta positiboen kopuruak gora egin du lurralde guztietan, gaurko datuen arabera.

Bi haur etxeko balkoian, jolasten. JON URBE / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 21a
19:08
Entzun

Eztabaida mediatikoa konfinamendua arintzeko neurrien inguruan ardazten ari den bitartean, gaur jakinaraziko datuek ez dituzte baieztatu atzoko zantzu baikorrak. Azken datuen arabera, positiboen kopuruak gora egin du lurralde guztietan. Araban, 54 positibo atzeman dituzte; Bizkaian, 110; Gipuzkoan, 19; eta Nafarroan, 96. Guztira, 278 positibo, bezperan baino 146 gehiago. Gainera, test potiboen portzentajeak ere gora egin du: EAEn %8,7 izan da, eta Nafarroan, %19,9.

Hildakoen kopurua, berriz, oso gutxi aldatu da: 34 pertsona hil dira azken 24 orduetan (bezperan baino bat gutxiago). Guztira, 1.502 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Ospitaleratuen kopuruak ez du behera egin lehen aldiz egun askotan. Apirilaren 1etik behera ari zen, baina, gaurko datuen arabera, bi pertsona gehiago daude ospitaleratuta, guztira 1.295 (193 ZIUn).

Konfinamendua arintzeko irizpideak Espainiako Gobernua jartzen ari da. Gaur zehaztu du datorren astelehenetik aurrera 14 urtetik beherako haurrak nola atera ahal izango diren kalera: alarma egoeran baimenduta zeuden irteeretan gurasoei laguntzeko atera ahal izango dira soilik. Hau da, gurasoekin erosketak egitera, botikara edo banketxera joateko bada soilik. Arintze neurrietatik harago, konfinamenduaren bukaera hizpide hartu du Miren Basaras Mikrobiologia irakasleak gaurko artikuluan, OMEren irizpideak aintzat hartuta. Izan ere, Stella Kuriakides Europako Batzordeko Osasunerako eta Elikagaien Segurtasunerako komisarioak ohartarazi du beste olde baten arriskua egongo dela konfinamendu neurriak behar baino lehenago arintzen badira.

Aldi berean, Espainiako Gobernuak jakinarazi du etxetik lan egitea lehentasunezkoa izango dela datozen bi hilabeteetan. Denbora horretan ere, zaintza betebeharrak dituzten langileek lanaldia egokitzeko edo murrizteko eskubide dute.  

DATUAK: Koronabirusarren azken datuak

MAPAK: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena, gertatu ahala kontatuta

 

Agian honek ere merezi du

Greba digitala. Greba egingo dute gaur eta bihar ehunka kulturgilek, beren egoera ikusarazteko, konponbideak eskatzeko eta kulturaren balioaz gogoeta eginarazteko. Beraz, gaur eta bihar egun ezin aproposagoak dira kulturgileek egindako gogoetak irakurtzeko. Ainhoa Sarasola kazetariak Maite Larburu, Nerea Ibarzabal, Oier Guillan, Iker Lauroba, Lander Garro, Lara Izagirre, Olatz Beobide eta Irantzu Lekueren gogoetak bildu ditu. 

EHZren erabakia. Kulturaren alorrean krisiaren ondorioak parairatzen ari direnen adibide bat da Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Belaunaldi berri batek lekukoa hartu ondoren, 25. urteurrena prestatzen ari ziren, baina jaialdia bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dute. Miren Oillarburu, Hegoa Baños eta Joana Barbier antolakuntza taldeko kideek azaldu dituzte erabakiaren nondik norakoak, Etxeko leihotik saioaren bideo elkarrizketan, Maider Galardi kazetariaren eskutik.

Sanferminik ez. Iruñeko Udalak gaur jakinarazi du aurtengo sanferminak bertan behera gelditu direla. Aurrera begirako aurreikuspenik egiteari uko egin dio udalak. Jairik gabeko uda izango ote da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.