Zenbait eragile memorialistaren kritika artean bada ere, aurrerapausoak ematen ari dira Iruñeko Erorien Monumentua eraberritzeko prozesuan. Hala, udalak gaur jakinarazi du Itzaletik argira proiektuaren alde egin zutela ekaineko prozesu parte hartzailean. Denera, 247 herritarrek bete zuten galdetegia, eta proiektu horrek 6,1eko nota eskuratu zuen batez beste; Harriak hitz proiektuak, berriz, 4,2koa.
Udalak emandako azalpenen arabera, egun lau jarrera daude Erorien Monumentuaren etorkizunaren inguruan. Mutur banatan daude eraikina bere hartan uztearen aldekoak, batetik, eta hura eraitsi behar dela diotenak, bestetik; hor kokatu dira zenbait eragile memorialista. Iruñeko Udala, berriz, beste bi aukeratan zentratu da: eraikina eraberritzeko bi proiektu finalistei dagokien ikuspegietan.
Hain zuzen, eraikinaren etorkizunari buruzko jarrera batekin lotu dute proiektu horietako bakoitza: batetik, «aukera eraldatzaile bat» defendatzen dutenak; bestetik, ikuspegi «kontserbadore» batez jarraikortasuna nahi dutenak, aldaketa «mugatuen» alde eginda, eta «ondare eta arkitektura balioa lehenetsita». Bi horien artean, gehienek lehenengoa babestu dute, udalaren arabera; hain zuzen, Itzaletik argira proiektuak proposatzen duena.
Izan ere, Iruñeko Udalak argudiatu du Itzaletik argira proiektuak Harriak hitz-ek baino babes «nabarmen» zabalagoa eskuratu duela landutako arlo guztietan. Lehenaren puntuazioa hamarretik 6,1 da batez beste, eta mediana, 7,7. Bigarrenaren bataz besteko nota, berriz, 4,2 da, eta mediana 4,6.
Hala, udalak uste du gehienek «esku hartze arkitektoniko sakon bat» nahi dutela, «beste esanahi bat eman eta eraikina museo-memorial bihurtzeko». Azken finean, azaldu dute proiektua «positiboki eraldatzailea» iruditzen zaiela herritarrei, nahiz eta baden hura «osoki baztertzen duen gutxiengo bat» ere.
Proiektuan, alboetako arkuteriak ezabatzea aurreikusi dute, kriptaren inguruan beirateak jartzea, eta kupularen oinarrian beirazko behatoki bat jartzea. Uste dute horrek laguntzen duela eraikinari beste esanahi bat ematen. Herritarrek, ordea, kezka azaldu dute haren «bideragarritasun ekonomikoarekin».
Harriak hitz proiektuari dagokionez, berriz, herritarrei eginiko galdeketatik ondorioztatu dute badela kezka bat: ea eraikinari beste esanahi bat emateko gai izango ote den. Izan ere, egitasmo horretan tenpleteak eta kupulako linterna kentzea proposatu dute, kriptarako sarrera gisa zokalo handi bat eratuz, baina herritarrek «jarraikortasun» handiagoa ikusi dute proiektu horretan, egungo arkuak berdin mantenduko bailirateke, besteak beste.
Hurrengo urratsak
Iruñeko Udalak maiatzean aurkeztu zituen eraikina eraberritzeko bi proiektu finalistak. Denera, 21 proiektu aurkeztu ziren nazioarteko lehiaketara, eta epaimahaiak bi horiek aukeratu zituen azken faserako. Biek puntuazio gorena (94 puntu) jaso zuten lehen fasean, «lehiaketaren oinarrietan jasotako helburu guztiak» betetzen zituztelakoan.
Prozesu parte hartzailea ondoren egin zuten, ekainean, eta, behin haren ondorioak jasota, proposamenak egokitzeko aukera izango dute, eta, hala, obra proiektua idazteko proposamena aukeratzeko bideari ekingo diote. Horretarako, kontuan hartuko dituzte nazioarteko lehiaketan lanek izandako puntuazioa eta herritarrek betetako galdetegiak.
Udalak azaldu duenez, azken proiektuaren idazketa 2027ko urtarrilean hastea espero dute, eta 474.320 euroko aurrekontua izango du.