Herenegun gauean berriz ere sutea piztu ostean, airearen kutsaduratik babesteko neurriak berriz hartzeko esan die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Ermuko (Bizkaia) Sallabente auzoko bizilagunei: etxea ez egurasteko eta kanpoan kirola ez egiteko, alegia. Auzo horretara mugatu dute neurria, zabortegitik gertuen dagoelako. Zaintzako zerbitzuak berehala joan ziren lekura, baina, sutea ikusita, jakinarazi zuten gauean ezer egitea ezinezkoa zela. Izan ere, oso zaila da piztu den gunera heltzea. Argitutakoan hasi ziren makinak sartzen, eta sua hondarrarekin itzaltzen, azkeneko aldian egin zuten bezala. Modu horretan, atzo eguerdi aldera lortu zuten hura itzaltzea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi zituen herenegun Zaldibarko (Bizkaia) hondakindegiaren inguruko herrietan ezarritako behin-behineko neurriak, baina, handik bost ordura, berriro piztu zen sua zabortegian. 22:30 zirela, hainbat herritar hasi ziren larrialdi zerbitzuetara deika, argi handi bat ikusten zelako zabortegiaren aldean. Ermuko Udalak baieztatu zuen, 23:00ak aldean, zabortegiaren zati batek su hartu zuela berriro ere.
Eguneko lehen argiekin nabaritu zen atzo zabortegitik ateratzen zen ke handia. «Su bakarra da, txikia. Ez dauka zerikusirik aurreko suarekin. Baina ez dago bide errazik hara heltzeko», esan du Aitor Zulueta Ingurumen saileko Ondare Natural eta Aldaketa Klimatikoko zuzendariak, Euskadi Irratian. Gaineratu du datozen egunetan suteek berez sortzen jarraituko dutela; «halakoetan, normala da». Arduradunak adierazi du sua berriz piztu arren herritarrei emaniko gomendioak atzera ezartzeko «arrazoirik ez» dagoela, neurketak berriro egin arte.
Kokein eta Deus ez taldeek gaur Eibarren (Gipuzkoa) eman behar zuten kontzertua bertan behera utzi dutela adierazi du Kokeinek, Twitterren bidez. «Zaldibarko zabortegiak sortutako egoerak eta Joaquin eta Albertok desagertuta jarraitzeak erabaki hau hartzera eraman gaitu», idatzi dute. «Familiekin bat egin nahi dugu momentu latz honetan».
Bihar, Kokein eta Deus ez taldeek Eibarren eskeini behar genuen kontzertua bertan behera gelditzen da. Zaldibarko zabortegiak sortutako egoerak eta Joaquin eta Albertok desagertuta jarraitzeak erabaki hau hartzera eraman gaitu. Familiekin bat egin nahi dugu momentu latz hontan. pic.twitter.com/wLZqXXyqrU
— Kokein (@kokeinrock) February 20, 2020
Sutearen foku nagusiak asteartean itzali zituztela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Gaur, CSIC laborategiaren analisien emaitza berriak eskuetan zituztela, eta zabortegiko sutea itzali izanak egoera aldatu duela nabarmenduz, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak adierazi du bertan behera gelditu direla joan den ostiralean emandako aholkuak —etxeetako leihoak ahalik eta gutxien irekitzea eta kirolik ez egitea kalean—. Berraondok esan zuen bazegoela sua berriz pizteko aukera, eta hori gertatuz gero herritarrei emaniko aholkuak berriz indarrean jartzeko aukera aztertuko zutela.
Zaldibar inguruko hainbat eskolak salatu dute Hezkuntza Sailak ez diela eman informaziorik hartu beharreko neurriei buruz. Ikasleak patiora ez ateratzearen eraginak jasan dituzte.
Otsailaren 14an, sua piztu eta astebetera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasuna babesteko prebentzio neurri batzuk aholkatu zizkien zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrei, dioxina eta furano kopuru handiak ari zirelako askatzen airera. Etxeetako leihoak ahalik eta gutxien irekitzeko eta kalean kirolik ez egiteko eskatu zuten. Atzo, osteguna, aholku horiek bertan behera utzi eta alerta kendu zuen Jaurlaritzak; sutea itzali ostean, babes aholku horien beharrik ez zegoela ebatzi zuen. Aixolako errekaren beheko partean, berriz, amonio kantitatea handitu egin dela ere jakinarazi duten.