politika

Itzelezko eragina

Alfredo Perez Rubalcabak politika utzi du, Euskal Herrian arrastoa laga ondoren. Gatazkaren konponbiderako prozesuetan eta Nafarroako auzian protagonista zuzena izan da azken bi hamarkadetan, Espainiako Estatuaren alde eginda beti.  

Alfredo Perez Rubalcaba, aurtengo maiatzean, Madrilen. EMILIO NARANJO, EFE
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 10a
13:04
Entzun

Jose Luis Uriz PSNko kide ohiak kontatzen du pasadizoa. Orain dela urte batzuk PSOErentzat Nafarroako ezker abertzalekoekin harremanak egiten zituenean, beti pasatzen zion, era batera edo bestera, informazioa Alfredo Perez Rubalcabari. Kontaktuak egingo zituela ere aurrez abisatu beharra zeukan Urizek. Baina behin ez zien bilera baten berri eman, eta minutu batzuetara Carlos Txibite PSNko idazkari nagusiak (2004-2008) deitu zion, ea zertan zebilen. Hots, Rubalbacaren kuadrillak Uriz ere kontrolatua zuela. «Egiten duzun dena ikusten dut, eta esaten duzun dena entzuten dut», bota zion Rubalcabak 2009an, Barne ministro zela, PPko diputatu bati, entzuketen auzi bat zela medio.

Kontrola edo kontrolatu nahia, hori da, beharbada, Rubalcabaren (Kantabria, Espainia, 1951) ezaugarri nagusietako bat. Besteak beste, euskal gaietan. PSOEk 1996an politika «antiterroristaren» arlorako alderdiko arduradun izendatu zuen; 2000n, Askatasunaren Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Itunaren sustatzaile nagusietakoa izan zen —handik eratorri zen 2002ko Espainiako Alderdien Legea—; 2007an, PSN-NaBai gobernua eragoztearen arduradunetakoa izan zen; 2006-2011 artean, Espainiako Barne ministro; eta 2012-2014an, PSOEko idazkari nagusi. 1993-1996 artean, berriz, Presidentetza ministro eta gobernuko bozeramaile aritu zen, eta hark ere orduan ukatu izan zuen gobernuak harremana eduki zuela GALekin —geroztik, 2005ean esana: «Inork ezingo du ezer frogatu». Eta 2009an: «Herri honetan GALi buruz PPk eta ETAk soilik hitz egiten dute»—.

«Dudarik gabe, ezker abertzaleaz eta ETAz Espainian ondoen informatutako politikaria da», Urizek uste duenez, «baina beste kontu bat da informazio hori nola erabili duen». Bederen, «eragina» eduki du euskal gaietan, Iñaki Anasagasti EAJko diputatu ohi eta senatariak dioenez.

«Zergatik hautatu zintuen Zapaterok Barne ministro?», galdetu zioten duela lau urte Rubalcabari. «ETAri buruz nekienagatik». Josu Erkoreka EAJko Kongresuko orduko eledunak adierazi zuen hura zela ordura arte «prozesua itzalpean gidatu» zuena. 2006ko apirila zen Barne ministro izendatu zutenean. ETAk su-etena martxoan eman zuen. Ministerioko esaldi bat bota zuen Rubalcabak: «Egunen batean idatziko dute nire izendapenaren istorioa». Oraindik ez da idatzi.

ETAk urte hartako abenduaren 30ean Madrilgo Barajas aireportuan atentatua egin eta hiru egunera, elkarrizketa prozesua «hautsia eta bukatua» zegoela adierazi zuen ministroak. «Rubalcabak, ordea, hasieratik egin zituen prozesua bukatzeko itzelezko ahaleginak», zioen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak orain lau urte, Argien aroa liburuan (Gara). Iritzi berekoa da Pernando Barrena Sortuko bozeramailea: «2006ko bake prozesuak aurrera ez egitearen ardurak bana daitezke, baina Rubalcabak berak ezkutatu zien informazioa etxekoei, eta hark eman zuen denbora gehien berekin batera ari zirenen eraginkortasuna eta sinesgarritasuna hondoratzen».

Ministroak 2010ean aurreko prozesuaz aitortu zuen ez zutela lortu «Batasunak ETAri aurre egitea eta ildo militarraren aldean politikoa lehenestea», eta prozesuak horregatik «huts egin» zuela. Ordea, 2009ko urrian ezker abertzalean estrategia politiko-militarra alboratu eta soilik politikoaren alde egin zuten arduradun nagusietakoak, Rubalcabaren agindupean zen Poliziak atzeman ondotik, espetxeratu egin zituzten: Otegi, Rafa Diez... 2007an ere, bake prozesua amaitu berritan, preso sartu zuten Otegi. Ezker abertzaleko kideak gero kontatu zuen 2007an Genevako azken bilera amaitu zenean nazioarteko bitartekari batek esan ziela Rubalcabak ziurtatu ziela Batasunekoak atxilotu eta preso sartuko zituztela. Barrenak ere gogoan du ordukoa: «Genevako elkarrizketak Rubalcabak bere aginduz pikutara bidalitakoan, pertsonalki sustatu zuen ezker abertzaleko berrehun militante inguru atxilotzeko agindua. Horrela iragarri zien nazioarteko bitartekariei, harropuzkeria osoz, eta horrela bete zuen agindua hurrengo hilabeteetan, inpunitate osoz».

«Estratega bat»

«Estratega batena izan da nire ibilbidea», aitortu izan du Rubalcabak —Felipe Gonzalezek «taktikotzat» joa zeukan—. Emilio Olabarria EAJko diputatuaren arabera, «oroz gain, politika zainetan» daukana da. «Azkarra eta kalkulatzailea da, eta beti hor egon da, boterean. Nik esango nuke Zapatero gobernuburu zen garaian Rubalcabak eta biek betetzen zituztela presidente lanak».

Olabarriak ere esaten du hark «gertutik» segitu izan dituela euskal gaiak, «eta, bere estrategiari segituz, neurriak hartzen joan da. Adibidez, 2010ean Zigor Kodearen erreformaren buru izan zen, arloa Justizia Ministerioarena izan arren. Orduan gogortu zituzten 'terrorismoa' goresteagatik-eta jartzen zituzten zigorrak. 2002an PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zutenean ere, horrekin ezker abertzalea presionatu nahi zuen Rubalcabak, balizko bake prozesu bateko elkarrizketei profil baxua emateko».

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak iritzi dio PSOEkoak ez duela lagundu bake prozesurik. «2006koa ETAk hautsi zuen, baina Rubalcabak ez zuen aldeko neurririk hartu aurretik. Esaterako, bazeukan presoen sakabanaketan zerbait egiterik, baina ez zuen ezer egin. Oposiziotik ere modu bertsuan aritu izan da».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea hiru aldiz bildu izan da harekin, eta denetan traza bera hartu dio: «Bere burua estatu gizontzat du». Gogorrago mintzatu da Barrena: «Militante sozialistaren aurretik, estatu gizona da, estatu horren estolderietatik hasi eta Moncloako politika bizantiar eta trikimailuz jositakora iritsi arteko gizona». Euskal gaietan, Espainiako Konstituzioa muga gisa jartzeaz gain, PPri begira egon den estatu gizona. Barne ministro zela PPri gogoratu zion PSOEk «babes osoa» eman ziola Jose Maria Aznarren gobernuari, «bai ETAren su-eten garaian, baita su-etenik ez zegoenean ere». Zabaletak PSOEren jokabide hori txarretsi egiten du, «hori izan baita haren ezina eta miseria. PPri beto aukera eman dio beti PSOEk. Baina Rubalcabak-eta hori ez dute egin izan konbentzimendu edo irizpide demokratiko bat dutelako, baizik eta estatuaren adoratzaile direlako».

2007, Nafarroa. Garai hori du buruan Aralarrekoak. «Orduan ere tartean zen Rubalcaba. Hark eragotzi zuen UPNren alternatibarako gobernua, ez Jose Blancok. Haren peoia zen Blanco». Aurretik —2006an—, Rubalcabarekin bildu zen Zabaleta. «Telefonoa jo zidan, nirekin bildu nahi zuela esanez. Autoz joan nintzen Madrilera, bakarrik; parking batean utzi, eta oinez sartu nintzen Barne Ministerioko eraikinera. Han zegoen Rubalcaba. Kafea eta pastak eskaini zizkidan, ez gehiago, guk 1998an Leitzan bazkaria eman genion arren... Euskal Herriko kontuez jardun genuen, eta UPNren kontra nik baino handiagoak esan zituen. Baina, oro har, zuhurtziaz aritu zen orduan ere, beti bezain galdetzaile, bitxikeria askoren kontalari baina gauza garrantzitsu askoren ezkutatzaile. Iritsi zen benetako ordua 2007an, eta Rubalcaba izan zen UPNri gobernua eman ziona».

Nafarroarekiko politika ez du sekula aldatu. UPNren bermea izan da. Duela urte eta erdi, kasurako, UPNren biltzarraren aurreko egunetan, Rubalcaba Iruñean izan zen, Nafarroako hauteskundeak aurreratzea eta abertzaleekin ituna egitea baztertzen zuela ziurtatzeko. Hitzaldian zeuden Miguel Sanz eta Yolanda Barcina. 2011n, Espainiako hauteskundeetako kanpainan ere izan zen Iruñean, esateko urte batzuk lehenago ETArekin ez zutela hitz egin Nafarroaz: «Hemen zaudete, erabat libre; zuen foruak eta eskubideak ukitu gabe daude». Aurten bertan ere lagundu dio UPNri, gobernua ustezko ustelkeria kasuengatik larri zenean eta PSNk Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko asmoa agertu zuenean. «Jar dezala Rubalcabak ordena pixka bat Nafarroan», zioen otsailean Alfonso Alonso PPko Kongresuko eledunak. Jarri zuen. «Harentzat Nafarroa estatu auzi bat da», uste du Barkosek. Zabaleta: «Harengatik PSOE sekula ez da gai izan elkarrizketa normalak eta ausartak izateko».

«Oso espainola da», Anasagastiren iritzian. «Oso-oso jakobinoa», dio Olabarriak, «eta harro dago horretaz». 2005ean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria Kongresura joan zenean EAEko Estatutu berriaren egitasmoa defenditzera, «Espainiaren batasunaren aldeko hitzaldirik gogorrena» PSOEko eledun Rubalcabak egin zuela azpimarratu zuen Begoña Errazti EAko orduko presidenteak.

2006ko udazkenean Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) Batasunak, EAJk eta PSE-EEk dozena bat bilera egin zituztenean, sozialisten ordezkarietako Rodolfo Ares tarteka gelatik ateratzen zen, ustez Rubalcabarekin telefonoz hitz egiteko. Otegik, baina, esan izan du orduko Barne ministroak EAJrekin harremanak izan zituela elkarrizketetako edukiak «mugatzeko». Aurretik, 2006ko udan, Josu Jon Imaz EBBko presidenteak Joseba Egibar GBBko buruarekin biltzeko «iradoki» zion Rubalcabari, Imazek berak hiru hilabetera elkarrizketa batean kontatu zuenez. Lizarra-Garaziko esperientziaren informazio zuzena jaso nahi zuen Rubalcabak Egibarrekin batzartuta eta, halaber, jakin nahi zuen nola zeuden 2006 hartan EBB barruan indar blokeak. Dena dela, GBBko presidenteak ez zuen gero Loiolako elkarrizketetan parte hartze zuzenik izan.

2009ko udan berriro deitu zion Patxi Zabaletari, bilera egin nahi zuela. Aralarrekoa Uxue Barkos Nafarroa Baiko kidearekin joan zen orduan Madrilera. Euskal presoez eta ezker abertzalea egitekoa zen estrategia aldaketaren nondik norakoez jakin nahi zuen ministroak —«maniobratan dabilen bat da», esaten du Anasagastik hari buruz; dena dela, aitortu du «konfiantzako harremana» izan dutela biek—. Zabaletak dio sakabanaketaren aurkako jarrera azaldu ziotela Madrilgo bilera sekretu hartan. Junta hark polemika eragin zuen NaBain; koaliziokide EA dagoeneko hartu-eman sakonetan zen ezker abertzalearekin, eta ez zen fio Rubalcabaren intentzioez. Otegik nabarmendu izan du ministroak ez zuela lortu bere helburua: ezker abertzalean haustura eragitea.

Euskal gatazkaren konponbideari buruz jarrera gogortzen edo ixten joan den politikari bat da Rubalcaba. 2006an adierazi zuen ETAk indarkeria uzteko borondate garbirik azaltzen ez zuen bitartean ez zela prozesurik izango, baina 2011n zioen ETAk armak utzita ere ez zela elkarrizketarik izango —«bakera erraz ohitzen da»—.

Aitortza eske

PSE-EEk haren lana laudatu baino ez du egin. Jesus Egiguren presidenteak joan den uztailean egunkari batean idatzitakoek laburbiltzen dute Rubalcabari buruz pentsatzen dutena: «Euskadin bakearen miraria egin zuen bat da. Bakearen ministroak egindakoa aitortzeko garaia da».

Barrenak, behintzat, ez dio ezer onik aitortzen: «Politikan denetariko pertsonak ezagutzea egokitu zait, eta, antipoda politikoetan egon arren, guztiek badute alde positibo edo atseginen bat; honek ez. Mila aurpegiko sugegorri likits bat da. Bere agurrean Espainiako eskuinak bota dizkion laudorioei erreparatu besterik ez da egin behar nolako pertsonaiaz ari garen konturatzeko». EAJ eta PSOEren arteko harremana hobea zenean, Xabier Arzalluz EBBko orduko presidenteak eta Anasagastik Vasquitos y Nesquitas bonboi kaxa bat ematen zioten Rubalcabari bileretara.

Azken neurri gisa joan den astean Kongresuko agiria entregatuta, politika utzi du Rubalcabak, hautesleek PSOE hondoratzeko bidean jarri ostean. Hilaren 22an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Kimikako klaseei ekingo die, 30 urteren ondoren.

Oharra: BERRIA egunkariko erreportajearen bertsio zabala da hau

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.