Itzubaltzetako Nagusien Etxea eraistea galarazten saiatu dira berriro ere

Ertzaintza oldartu egin zaie bertaratutakoei, eta gizon bat buruan zauritu dute. Auzokideek helegitea aurkeztuko diote Auzitegi Gorenari, eraistea gelditzeko

Ertzainek arrastaka eraman zituzten eserialdia egiten ari zirenak. HODEI TORRES / HIRUKA.
gotzon hermosilla
Getxo
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bigarren egunez jarraian, Itzubaltzeta auzoko herritarrak (Getxo, Bizkaia) saiatu dira Nagusien Etxea eraisteko lanak galarazten, eta, bezperan bezala, ertzainak oldartu zaizkie eta arrastaka atera dituzte eraikinaren aurrean eserialdia egiten ari zirenak. Haietako bat buruan zauritu dute; protestaldian parte hartutakoek salatu dutenez, ertzainek ez diete deitu osasun zerbitzuei, eta zauritutako gizonezkoa erietxera eramatea galarazten saiatu dira: «Guk deitu behar izan diogu anbulantziari». Azkenean, osasun zentro batera eraman dute.

07:00etatik aurrera izan dira protestak. Eguerdian eta iluntzean ere elkarretaratzeak egin zituzten, eta deialdia egin zuten gaur goizean ere Nagusien Etxearen aurrean elkartzeko, 07:00etatik aurrera.

Ikusi gehiago: «Itzubaltzetako ondarea da hau, herriaren historia eta identitatea»

«Oso triste gaude», azaldu du Garazi Basterretxea Barea getxoztarrak. «Udalak hasieratik izan du eraikina botatzeko asmoa, baina hau ez da herritarrek nahi dutena, eta, gainera, indarkeria handia erabiltzen ari dira jendearen kontra. Udalak ez die entzun herritarrei, ez du aintzat hartu herri galdeketaren emaitza, eta orain, hauteskundeak datozenez, presa dutela dirudi».

Erretiratuen etxea

Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bota nahi duten eraikinak hainbat erabilera izan ditu. Urte askoan Nagusien Etxea izan da, eta han antolatu ditu bere jarduerak Ibar Nagusien Etxea elkarteak. Duela 35 urte sortutako elkartea da, herriko erretiratuak biltzen ditu eta 6.000 bazkide ditu: «Antzerki taldea genuen, abesbatza, hiltzaldiak eta kultur bidaiak antolatzen genituen, dantza ikastaroak, soinketa eta abar», azaldu du elkarteko presidente Paco Ramak. «Udalak ere zerbitzu batzuk eskaintzen zituen han, adibidez podologoa eta ile apaindegia, baina kendu egin zizkigun eraikina botatzen tematu zenean».

Eraikina abuztuan itxi zuten, eta han zeuden erretiratuak «indarrez» kanporatu zituztela salatu du Ramak. Eraikina bota ostean, orubean «belaunaldien arteko zentroa» eraiki nahi dute: mendekotasun handia duten adinekoentzako egoitza bat, eta gazteentzako 40 etxebizitza. Ibar Nagusien Etxea elkartearen jarduerak ondoko plazan dagoen eraikin bateko hirugarren solairura eraman nahi dituzte, baina erretiratuek salatu dute leku hori ez dela haientzat egokia, eta ezingo lituzketela orain arte antolatutako ekinbide guztiak egin.

«Guk asmoa dugu [Espainiako] Auzitegi Gorenari helegitea aurkezteko, eta otsailaren 20ra arteko epea dugu horretarako», esan du Ramak. «Zentzuzkoena litzateke hori ebatzi arte lanak gelditzea, baina badirudi legea besteok baino ez dugula bete behar».

Aldameneko eraikina ere eraitsi nahi dute, Itzubaltzetako gaztetxea izandakoa. Horregatik, gazteak ere ari dira protestetan parte hartzen, gainerako auzokideekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.