Bi itzulitan erabakitzen dira Ipar Euskal Herriko hauteskundeak, baina aurreikus daiteke herri anitzetan itzuli bakarrean erabakiko direla heldu den martxoaren 15ean eta 22an iraganen diren herriko bozetako lehiak. Izan ere, leku anitzetan bi zerrenda baizik ez dira aurkeztu, eta barnealdeko herri txiki batzuetan lanak izan dituzte zerrenda bakarra osatzeko ere. Aurten aldaketak izanen dira bozkatze sisteman, eta mila biztanletik beherako herrietan ere zerrenda oso eta parekideak osatzera behartuak izanen dira. Eragin zuzena izanen du zenbait tokitako lehian. Otsailaren 26an itxiko da zerrendak aurkezteko epea, eta orduan izanen da argazki osoa.
Honako hau da bi itzulien printzipioa: hautagaitza bakoitzak zerrenda bat osatu behar du herriko kontseiluak duen hautetsi kopuru berekoa —biztanleriaren arabera zehazten da hautetsi kopurua—. Lehen itzulian zerrenda bakar batek botoen %50 lortzen ez baditu, bigarren itzulia jokatuko da. Lehen itzulian emandako bozen %10 lortu zituzten zerrenda guziek dute bigarren itzulian aurkezteko aukera. %5 baino gehiago bildu dituztenak, beste zerrenda batekin fusiona daitezke, eta zerrenda berria osatu.Â
Bigarren itzulian gailentzen den hautagaitzak gehiengo osoa lortzen du; hau da, herriko kontseiluko eserlekuen erdiak harentzat izanen dira. Gainerako eserlekuak zerrenda bakoitzak lortu duen emaitzaren arabera banatuko dira, proportzionalki. Horrek bermea ematen dio auzapezaren taldeari ondoko sei urteetan aitzina eraman nahi dituen politikak bozkatzeko, baldin eta gehiengoko taldea zatitzen ez bada.
Zerrenda bakoitzean, elkargora bidaliko dituzten hautetsiak nabarmentzen dituzte, eta, izandako emaitzen arabera, proportzionalki banatzen dira ordezkariak, irabazleari nagusitasuna emanez.Â
Fini marratzea
Iazko apirilean iragarri zuten herri txikietako bozkatze sistema aldatuko zela. Orain artekoak aukera ematen zuen mila biztanletik beherako herrietan zerrenda bateko izenak eskuz marratzeko —2014 aitzin, zerrendetan ez zeuden izenak eskuz gehitzeko aukera ere bazegoen—. Baina egiteko modu hori aldatzearen alde egin zuen Frantziako Asanbleak, iaz onartu zuen lege erreforman.Â
Erreformaren ondorioz, zerrenda osoak aurkeztu beharko dira orain —gehienez ere hautetsi kopurua baino bi gutxiago izatea baimenduko dute—, eta zerrendek parekideak izan beharko dute.Â
Baina azken urteetan gero eta zailagoa da herri txikietan kargu instituzionalak hartzeko boluntarioak aurkitzea. Eta emazte anitz oraindik ez dira menturatzen urratsa egitera. Horrela azaldu zuen Xole Aire Urepeleko (Nafarroa Beherea) auzapezak lege erreforma onartu zutenean. 2020an zerrenda bakarra izan zuten herrian, eta helburu gisa hartu zuten parekidea izatea, baina baten faltan ez zuten kausitu. «Elekatu genituen emazteak uzkur ziren, ez ziren menturatzen, ez zuten uste lekua bazutela». Berrogei urteko emazte batek emandako erantzuna oroitu zuen: «Ene senarra jinen da». «Erantzun genion ez ginela haren senarraren bila joanak, haren bila joanak ginela». Baina ez zuten konbentzitu.
Orain arte atera diren informazioetan, gutxienez Zuberoako bi herritan dituzte arazoak zerrenda osatzeko: Etxebarren eta Atharratzen. Etxebarren, Claude Rekart auzapezak lekua uztea erabaki du; BERRIAk jasotakoaren arabera, balirateke bizpahiru motibatuak errelebua hartzeko, baina ez dute oraindik kausitu zerrenda osatzeko. Atharratzen, harekin herriko kontseiluan ziren gizonen jarrera salatu du Maite Pitrau auzapezak, eta kontseiluan zituen beste emazteekin batera erretiratzea erabaki du. Ikusteko dago zerrendarik agertuko ote den.
Prefeturaren esku
Otsailaren 26ra iritsita herri batean zerrendarik ez balego, prozedura berezia finkatua du Frantziako Estatuko administrazioak: herriko bozak bertan behera geldituko lirateke herri horretan, eta prefeturak hiruzpalau pertsonako ordezkaritza izendatuko luke eguneroko administrazioa kudeatzeko —hautetsi ohiak, herriaren aitortza izan dezaketen pertsonak edo funtzionarioak izan daitezke—. Handik hiru hilabetera, beste deialdi bat eginen lukete herriko bozak antolatzeko. Arazo bera behin eta berriz gertatuko balitz, herri hori beste batekin batzeko prozedura abia lezakete. Ikusteko dago halako muturreko egoerarik sortuko ote den Ipar Euskal Herrian.