Itzuli dira eskolara Ipar Euskal Herriko haurrak

Lagunak ikusteko gogoz bueltatu dira ikasgeletara. Baionan euskarazko irakaskuntza garatzen segitzeko asmoa dutela segurtatu du Etxegaraik.

Haurrak ikasgela barnean, Baionako Oihana ikastolan, ikasturte sartzean. PATXI BELTZAIZ
Haurrak ikasgela barnean, Baionako Oihana ikastolan, ikasturte sartzean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko irailaren 1a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugimendu handia bazen astelehen goiz honetan Baionako Oihana ikastolan. Haurrak batera eta bestera korrika ari ziren, oihu artean, harrapaketan jostatzen. Besoa luzaturik ikaskidea harrapatu nahian bat, eskaileretara igota «salbu» beste batzuk. Bi hilabeteko oporraldiaren ondotik, ikastetxera itzultzearekin gogotsu ziruditen Baionako ikastola nagusiko haurrek. 

Gurasoen zein haurren artean, elkarrizketa batzuk frantsesez dira, baina beste anitz euskaraz ari dira haien artean. Denen erdian, elkarri oporrak kontatzen ari da mutiko talde bat. Canyoning egiten aritu da Lukas: «Bost metrotik salto egin dut, eta nire anaiak ere bai». «Ez, arrebak!», zuzendu dio lagunak ondotik. Yoannek ere badu balentriarik kontatzeko: teilatutik salto egin du igerilekura, eta kokotxarekin ukitu du lurra. 

(ID_15272677) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-09-01, Baiona.Oihana Ikastolan sartzea
Haur batzuk Oihana ikastolan, ikasturte sartzean. PATXI BELTZAIZ

Anartean, korrika eta itzulipurdika ari dira alboan beste batzuk, elkarri besarkada ematen bi neskato, eta gurasoak, talde txikitan, kafearekin goxatuz haien seme-alaben lurreratzea kontrolatzen. Bi haur ditu Guillaume Roussetek: lehena 9 urtekoa eta bigarrena 3 urtekoa. Bart gauean, azken uneko arrangurarekin zaharrena negarrez zela kontatu du. «Baina ikastolara iritsi orduko korrika joan da lagunengana», argitu du irribarrez. Txikiena ere lasai joan dela erran du.

Haurren burrunbaren artean, elkarrekin selfie bat ateratzen ari da guraso talde bat. «Zinez giro goxoa dugu gure artean, familia bat bezalakoa da», esplikatu du Roussetek.

Euskara ardatz

Ipar Euskal Herriko ikastola handienetakoa da Baionakoa. 159 ikasle izanen ditu aurten —urtero ari da emendatzen—, eta gehiago espero dituzte heldu den urtarriletik aitzina. «Baditugu familia erdaldun anitz, baina pozik gara ikasgela guzietan baditugulako etxean euskara hutsean ari direnak ere», esplikatu du Lucile Darrigrand zuzendariak. «Ikastolan osoki euskaraz funtzionatzen dugu, bilkuretan eta beste, ez dakitenei itzulpena eginez. Horregatik, anitzek AEKn izena emateko pausoa egiten dute», erran du, pozik.

«Ikastolan osoki euskaraz funtzionatzen dugu, bilkuretan eta beste, ez dakitenei itzulpena eginez. Horregatik, anitzek AEKn izena emateko pausoa egiten dute»

LUCILE DARRIGRAND Oihana ikastolako zuzendaria

Ikasturte berria «baikor» hasi dutela erran du Darrigrandek. «Haurrak kontent heldu dira oro har. Batzuek elkar gurutzatzen dute, baina, bestela, luze da bi hilabete lagunak ikusi gabe. Eta gurasoak ere kontent dira», erran du, irriz. Lehen goizean kafearen inguruan sortzen duten giro goxoa laudatu du. «Irakasle batzuk berriak dira, eta gurasoek maite dute horrelakoetan ezagutza egitea». 

(ID_15272681) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-09-01, Baiona.Oihana Ikastolan sartzea
Haur batzuk Baionako Oihana ikastolan, ikasturte sartzean. PATXI BELTZAIZ

Seaskak ostegunean eginen du ikasturte hasierako prentsaurrekoa. Maiatz bukaeran Bordeleko errektorearekin bildu ondotik, aurtengo baliabideak antolatzea lortuko zutela iragarri zuten ikasturte bukaeran. Orain, elkarrizketa aldi bati ekin beharra diote, mahai gainean dituzten dosier guziak konponbidean emateko asmoz. 

Baionako elebiduna, «berantean»

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Baionako Jules Ferry eskolan egin du ikasturte hasierako agerraldia. Izan ere, obrak egin dituzte bertan, eraikina berritu eta aire hartzeko eremua berrantolatzeko. Besteak beste, baratze partekatu bat prestatu dute, maila guztietako ikasleek landu dezaten, «deskubrituz, ikasiz, tronpatuz», ikastetxeko zuzendariaren hitzetan.

Joera demografikoari buru eginez, Baionan ikasle kopurua egonkorra dela erran du Etxegaraik, apaltze txikia izan badute ere. Horiek horrela, irakasle postu gehienak atxiki ahal izan dituztela azpimarratu du. «Biziki harreman onak ditugu Frantziako Hezkuntza Ministerioko zerbitzuekin», gehitu du Christine Martin-Dolhagarai hezkuntza eta haurtzaro gaien ardura duen axuantak. 

2.424 ikasle daude Baionako hogei eskola publikoetan; horietarik %23 dira sail elebidunean —Ipar Euskal Herrian %50 ingurukoa da Lehen Mailako eskoletako proportzioa—. Elebidunaren garapenean duten «beranta» aitortu du Etxegaraik, baina azken urteetako emendatzea goraipatu du. «Eskaera handia bada». Ondoko urteetarako ikasgela berriak irekitzeko proiektuak lantzen ari direla erran du, EEPrekin, akademia ikuskariarekin eta ikastetxeetako lantaldeekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.