Aldi baterako lorpena eskuratu du Seaskak. Heldu den ikasturterako behar dituzten irakasle postuetatik gehienak emanen dizkiela hitzeman die Bordeleko Akademiako errektoreak, behin-behineko baliabideak jarrita. Horrez gain, elkarrizketak abiatuko dituzte EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin, hitzarmena negoziatzeko. Inklusiora begirako baliabideak eta azterketetan euskaraz aritzeko aukera izanen dira negoziazio horretako puntu nagusiak.
Ikusi gehiago
Seaskaren hitzetan, irailerako antolaketak «bideratzeko» modua izanen dute: ikasle kopuruaren araberako ikasgelak prestatu ahalko dituzte kolegioetan, barne antolaketaren bidez. Baina lortu dituzten baliabideak ez dira luzerako. Frantziako Hezkuntza Ministerioak banatzen dituen postuez aparteko «urteko ordu gehigarriak» baliatu ditu errektoreak Seaskaren beharrei erantzuteko. Behin-behineko aterabidea da, beraz. «Ondoko urteetarako urte anitzetako plangintza bat landu beharko dugu Parisekin, Bordelerekin eta EEP osatzen duten instituzioekin, euskararen eta murgiltze ereduaren aldeko hitz ederrak ez ditzan haizeak eraman», adierazi du Seaskak agiri batean.
Izan ere, kolegio eta lizeoetan ikasleen emendatzea espero dute ondoko urteetan. Heldu den ikasturterako jadanik adierazi dituzten beharrez gain, 2026ko ikasturterako kolegioetan lau ikasgela gehigarri beharko dituztela aurreikusten dute, eta lizeoan bat eta erdi. «Eta litekeena da 2027ko ikasturterako ere behar berak izatea, Lehen Mailan izaniko ikasle hazkundeak Bigarren Mailan jarraituko baitu», esplikatu dute. Hortaz, tokiko erakundeei eta hautetsiei gaurdanik badagokie «behar diren aterabideak atzematea», Seaskaren hitzetan. Oroitarazi dute 2027ko ikasturterako lizeo berria irekitzeko proiektua lantzen ari direla.
Tonu aldaketa
Angeluko (Lapurdi) ikastola bisitatzera joan zen Jean-Marc Huart errektorea atzo arratsaldean, euskarazko irakaskuntzaren berri hartzeko Euskal Herrian antolatu zuen egunaren harira. Arratsean, Seaskaren egoitzan egon zen, Kanbon (Lapurdi), eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin mintzatu zen, kamera eta mikrofonorik gabe. Orduan jakinarazi zien heldu den ikasturterako proposamena.
Mementoko, danborrak eta makilak gordeko dituztela erranez erantzun die Seaskak errektorearen iragarpenei. Elkarrizketari bide egin nahi diote, bilkuretan entzundako eleak urrats konkretu bilakatuko direlakoan.
Urteetako harreman gatazkatsuaren ondotik, tonu aldaketa nabari da Bordelen. Hala adierazi dute EEPko ordezkariek, eta hori azpimarratu du Seaskak ere. «Lehen aldia da errektore bat ikastola bat bisitatzera heldu dela eta ikastoletan egiten dugun lanaz hurbiletik interesatzen dela», esplikatu dute. «Gisa berean, lehen aldiz Seaskako egoitzara joan zen errektorea, Dominique Malroux Paueko akademia ikuskariarekin batera, Seaskan egiten dugun formakuntza eta pedagogia lana, inklusiorako aholkularitza eta ikastolei eskaintzen zaizkien zerbitzuak bertatik bertara ezagutzera».
Ostiraleko danbor hotsak Bordeleraino iritsi zirela erran zuen errektoreak Angelun. Mementoko, danborrak eta makilak gordeko dituztela erranez erantzun die Seaskak errektorearen iragarpenei. Elkarrizketari bide egin nahi diote, bilkuretan entzundako eleak urrats konkretu bilakatuko direlakoan.
Negoziazio aldia
Hemendik aitzina Seaska, EEP Euskararen Erakunde Publikoa eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena negoziatzeko elkarrizketak abiatzea adostu dute bi aldeek. Heldu den astean finkatuko dute horretarako ondoko bilkura. Bi gai nagusi izanen dituzte: inklusioa eta azterketak. «Azterketak euskaraz izateko urratsak egiteko prest agertu da errektorea. Heldu den astean lehen bilkura teknikoa eginen dute Bordelen, ministerioko zerbitzuekin», adierazi du Seaskak. «Aurtengo baxorako berant izanen dela erran digu, baina ondoko urteetarako urratsa izatea espero dugu».
Azterketa euskaraz egiteko aukera emanen duten irakasle guziak babestuko dituela jakinarazi dio Seaskak errektoreari. Iaz, ehun bat irakasle agertu ziren hezkuntza administrazioaren arauei desobeditzeko prest.
Aurten, beraz, frantsesez egin beharko dute baxoko ahozkoa Seaskako ikasleek. Horiek horrela, azterketa hori euskaraz egiteko aukera emango duten irakasle guziak babestuko dituela jakinarazi dio Seaskak errektoreari. Iaz, ehun bat irakasle agertu ziren hezkuntza administrazioaren arauei desobeditzeko prest.
Azkenik, Lehen Mailetan Seaskak «ezinbestekotzat» dauzkan euskarri postuak —hala nola inklusiorako irakasle berezitu, aholkulari pedagogiko eta psikologoenak— «hitzarmenean agerrarazteko formulak adostera» ere engaiatu da errektorea, Ikastolen Elkartearen hitzetan.