'Izan zitekeena' aurkeztu du Gorka Etxebarriak, HBren ibilbideari erreparatuz

Haren doktore tesiaren oinordeko da liburua, eta koalizio independentista eta haren inguruko sarea ditu hizpide. Alberdania argitaletxeak publikatu du.

Liburua aurkezteko ekitaldia, gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Liburua aurkezteko ekitaldia, gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 2a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorka Etxebarria historialariak, bere doktore tesian, sakon aztertu zituen Herri Batasuna koalizioaren lehen urteak, eta lan horri buelta bat eman dio orain, Alberdania argitaletxearekin Izan zitekeena. Herri Batasuna eta espainiar trantsizioa liburua argitaratzeko. Eta, izenburutik hasita, galderak planteatu nahi ditu idazleak: «Eta hori gertatu ez balitz, zer? Zergatik gertatu zen zehazki horrela?».

Izan ere, Kepa Matxain editorearen ustez, liburuak irakurleari eman diezaiokeen «ziurgabetasun» sentsazioa da liburuaren gakoetako bat, hitzaren zentzurik onenean. Azaldu du Etxebarriak ez duela orainalditik atzerako begirada soil bat egin, eta bere garaian mahai gainean zeuden eztabaidei bere hartan erreparatzen diela, gerora jazotakoetatik abiatu gabe. Hala, hark ere izenburuari erreparatuz, hala adierazi du: «Izan zitezkeen beste historiak ere jasota daude. Azkenean gertatu ez zirenak, baina bere garaian bizi-bizi zeuden indarrek beste norabide bat hartu izan balute gerta zitezkeenak».

Horretarako, orain arte ezker abertzalearen eta, zehatzago, Herri Batasunaren inguruko lanetan gailendu den «ikuspegi militantetik» aldendu nahi izan du Etxebarriak, uste baitu, batera edo bestera, halakoak egin direla «norberak justifikatzeko zer egin zuen garai hartan eta zer posizio politiko dituen gaur egun». Horregatik, adierazi du historialari rola hartu eta bere militantzia propiotik ihes egiten saiatu dela idazteko.

Horrek HBren inguruko galdera ugari egitera eraman du, eta horietako zenbait errepikatu egin ditu, baina batean egin du indar: «Nola joan zen aldatuz Herri Batasuna?». Haren hitzetan, denbora baita historia aztertzeko gakoa, bai zerbaitek nondik eta noraino irauten duen aztertzeko, baina baita denborak berak aldaketak eragiten dituelako ere. «Ez dira berdinak 1974a —Franco bizirik zegoen unea—, Franco hil zen momentua, lehen hauteskundeen ostekoa edota estatutua onartu ostekoa. Edo, are gehiago, PSOE gobernura iritsi zen garaia».

Bada, baina, testuinguru hura aztertzerakoan kontuan izan beharreko beste auzi bat: haren «konplexutasuna». Hain zuzen, Matxainen hitzetan, liburuaren «meritu handienetako bat» da Etxebarria gai izan dela, Herri Batasunaren historia kontatzearekin batera, hartatik harago joateko ere: «Garai baten erradiografia oso zabal bat egin du». Horregatik, uste du irakurleak garaiaren «katalogo zabal bat» topatuko duela liburuan, eta, horrekin batera, ikusiko duela nola hori bera sare bihurtzen den. «Liburuak termometroa leku jakin batean jartzen du, Herri Batasunean, baina hartzen duen tenperatura askoz zabalagoa da».

Liburuaren gakoetako bat da hori, baina, Matxainek berak azaldu duenez, baita edizio lan gehien eskatu duena ere. «Liburu honek ahalegin txiki bat eskatu dezake hasieran, baina behin barrura sartuta, pieza guztiak hasten dira bere lekuan jartzen», adierazi du, aztertzen den garaiaren «konplexutasunari» erreparatuz.

Beraz, lan horrekin, Etxebarriak aitortu du bere ekarpena egiten saiatu dela abertzaletasunaren historiaren inguruko lanei. «Nik interpretatzen dudan moduan, nazionalismoa kutxa huts bat bezalakoa da, eta kultura politiko bakoitzak bere ideologia eta balioak irudikatzen ditu nazio ideal batean». Horiek horrela, HBren analisia lantzen saiatu da bera, nazioartean gertatzen ari ziren beste zenbait mugimendurekin lotuz, eta, noski, Espainiako nazionalismoari ere erreparatuz, ezinbesteko elementu gisa, Francisco Letamendiaren «ispiluen jokoa» gogoan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA