Izarbeibarko sutea fardo makina batek piztu zuela baieztatu du Nafarroako Gobernuak

Guztira 338 hektarea erre ditu suak. Tirabirak izan dira gobernuaren eta nekazarien sindikatuen artean, eta atzo onartutako foru araua malgutuko dute. Berriki beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean.

Suhiltzaileak atzo, seutea kontrolpean hartzeko lanetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Suhiltzaileak atzo, sutea kontrolpean hartzeko lanetan. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2025eko abuztuaren 6a
14:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Suhiltzaileek kontrolpean dute atzo goizean Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos artean piztu zen sutea, eta Nafarroako Gobernuak gaur baieztatu du paketatze makina batek eragin zuela lehen sugarra. Amparo Lopez Nafarroako Barne kontseilariak eta Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako prentsaurrekoan baieztatu dute hori. Antza, Eunateko Andre Maria elizatik gertu, zereala biltzen ari zen makina bat, eta horrek piztu zuen sua. Hala ere, Foruzaingoa oraindik ikerketa lanak egiten ari dela nabarmendu dute kontseilariek. Guztira 338 hektarea erre dira, eta zenbait foku izan dira; 11 kilometro koadroko eremua hartu du suak.

Sutea egonkor eta kontrolpean dago, nahiz eta oraindik ez dagoen guztiz itzalita. Bart gauean sua inguratzeko lanetan aritu dira lurra mugitzeko makinekin, eta gaur 09:30ean aireko baliabideak batu zaizkie itzaltze lanetan laguntzeko.

Horretaz gainera, gaur arratsaldean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean; ez du zerikusirik atzoko sutearekin, hori itzali baitzuten. Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean ari dira, eta 19:30erako kontrolatzen hasita zeuden; momentuz, ez dute jakinarazi zenbateko kalteak eragin dituen.

Bestalde, tirabirak ere piztu dira dira Nafarroako Gobernuaren eta lehen sektoreko sindikatuen artean. Izan ere, atzo arratsaldean Nafarroako Gobernuak foru arau bat onartu zuen, eta hainbat jarduera debekatu, suteak izateko arriskua handia baita egunotan. Agindu horren arabera, urbanizagarriak ez diren lurretan, sua erabiltzen duten edo txinpartak sortu ditzaketen makinak ezin dira erabili nekazaritzan, basogintzan eta beste jarduera batzuetan. Izan ere, jada labore uzta jasota zegoen lurretan piztu zen sua, eta azken hilabetean herrialdean izan diren sute handienak ere nekazaritza alorreko makinek piztu dituzte, gobernuaren arabera.

338

Sustean erretako azalera, hektareatan. Izarbeibarko suteak hainbat foku izan ditu, eta 11 kilometro koadroko eremuan 338 hektarea erre ditu.

Gobernuak atzo arratsaldean onartu zuen foru arau horrek lehen sektoreko sindikatuen haserrea piztu du, eta, gaur goizean, UAGN eta EHNE sindikatuek araua gaitzetsi dute. Gauzak horrela, Lopez eta Aierdi kontseilariek adierazi dute arau hori malgutzeko lanetan ari direla, sutearen egoerak hobera egin duelako. Hala, espero dute «larrialdi egoera eta landa eremuko lanak uztartu» ahalko direla. Isurialde atlantikoan eta Nafarroa ipar-mendebaldean basogintza lanak egiteko baimena eman dute, eta nekazaritzaren alorrean, orburuen, azaren eta brokoliaren uzta lanak egin daitezke, uste baitute ez direla lan arriskutsuak.

Sindikatuen argudioak

UAGN Nafarroako nekazari sindikatuak uste du Nafarroako Gobernuak lehen sektorearen iritzirik gabe onartu zuela foru araua. Hori dela eta, sindikatuak dimisioa emateko eskatu dio Lopez Barne kontseilariari: «Alerta sistema bat barneratua dugu jada; ezin da aldebakartasunez, sute batengatik, arau bat onartu eta nekazaritza jarduerak debekatu. Are gehiago gaur alerta horian gaudela jakinda», esan du sindikatuak. Alarmen gaur egungo araudiari jaramonik ez egitea egotzi diote gobernuari.

EHNE sindikatuak ere kritikatu egin du foru araua, eta erabakia «guztiz arbitrarioa» dela salatu du. Elkarteak azaldu duenez, azken bi urteetan nekazaritza sindikatuak elkarlanean aritu dira administrazioarekin prebentzio neurriak hartzeko, eta uste du Nafarroako Gobernuak «kolpe batez» ezabatu duela elkarlan hori. Sindikatuaren esanetan, lan horri esker protokolo bat sortu zuten sute arriskua zegoen garaian lehen sektoreko lanak egin ahal izateko, eta zehaztu zuten alerten arabera emango zela jarduera horiek egiteko modua.

Hori dela eta, EHNEk gogorarazi du gaur Nafarroaren zati handiena kolore berdez dagoela, eta abisu horia leku gutxi batzuetan dagoela; horregatik ez dute ulertzen debeku hori. Azkenik, sindikatuak iradoki du nekazarien lana gelditzeko arrazoiak badaude abiadura handiko trena eraikitzeko lanak eta Belateko tuneleko obrak gelditzeko arrazoiak ere badaudela, baita trenen zirkulazioa eta errepide bazterren garbiketa eteteko motiboak ere.

Artaxoako sutea ere, kontrolpean

Artaxoa eta Larraga artean ere (Nafarroa) beste sute bat piztu zen atzo arratsaldean, 19:00ak pasatuta, eta Tafallako suhiltzaileak bertaratu ziren sua itzaltzera eta egonkortzera. Nahiko azkar lortu zuten kontrolpean izatea, eta sutea inguratzeko, itzaltzeko eta ez zabaltzeko lanetan ari dira gaur. Gar horiek ere laborantza lur batzuetan piztu ziren, eta bi errepide itxi behar izan zituzten atzo keagatik. Larriena, baina, uztailaren 27koa izan zen: sua fardel makina batean sortu zen, eta 32 hektarea erre zituen.

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, sute arriskua «muturrekoa» zen atzo ia Nafarroa osoan, oso handia da gaur, eta muturrekoa izango da berriro bihar. Suteak sor ditzakeen edozein jarduera egitea saihesteko gomendioa eman du SOS Nafarroak. Landa eremuetako suteetan nola jokatu ere azaldu du. Hasteko, 112 telefonora deitzea eta babes neurriak hartzea aholkatu dute. Neurri batzuk zehaztu dituzte: sugar handiko sute batean irtenbide bakarra azkar ebakuatzea dela azaldu dute; garrantzitsua da haizearen kontrako norabidean ihes egitea, keak ez itotzeko; ahal izatekotan, maldan behera, sua azkar igotzen baita maldan gora; eta egokiena eremu irekietara jaistea da, errepideetara esaterako, baina baita jada erreta dauden eremuetara ere. Ke asko badago ahoa eta sudurra arropa hezearekin estaltzea aholkatu dute.

OSASUN ALERTA PIZTU DUTE NAFARROAN, BEROALDIAGATIK

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak osasun alerta gorria piztu du gaur ia Nafarroa guztirako, isurialde atlantikorako izan ezik —alerta laranja dago bertan—, beroaldia dela eta. 40 gradu zentigradutik gorako tenperaturak espero dira herrialdeko toki batzuetan, eta institutuak prebentzio neurri batzuk gogorarazi ditu: ur asko edatea, eguzkia ahal den heinean saihestea, leku freskoak bilatzea, haurrentzat eta zaharrentzat diren ekitaldiak ordu beroenetan ez egitea eta inguruko pertsona zaurgarriak zaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.