Izaskun Ugarte iheslari ohia hil da, Bilbon, 76 urte zituela. GALek 1984an Donibane Lohizunen hil zuen Mikel Goikoetxea Txapela-ren alarguna zen, eta azken bi hamarkadotan hainbatetan hitz egin du bizitakoaren inguruan, bai hedabideetan, bai GALen biktimek antolatutako ekitaldietan eta egitasmoetan.
Ugarte Espainiako La Sexta telebista kateko Salvados programan mintzatu zen Goikoetxearen erailketaz, duela zazpi urte, eta orduan deskribatu zuen nola jo zuten tiroz erbestealdiko etxearen atarian. 1983ko abenduaren 29an egin zioten eraso, eta handik lau egunera hil zen, zaurien ondorioz, 1984ko urtarrilaren 1ean. Horixe du hizpide, halaber, Josu Martinezek 2009an Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutako Itsasoaren alaba dokumentalak; hots, Haize Goikoetxea Ugartek aitaren arrastoen bila egindako bidaiaren kontakizun bat da.
Pantailatik kanpo ere hartu izan dute hitza Ugarte eta Goikoetxea ama-alabek, GALen ekintzen inguruko dokumentuak desklasifika daitezen exijitzeko, baita GALek hildakoen biktimei azalpenak emateko eskatzeko ere; adibidez, iazko urtarrilean parte hartu zuten Txapela hil zuteneko 40. urteurrenean.