Izurriari aurre egiteko elkarlana eskaini dio PPk Jaurlaritzari

Egoeraz xehe informatzeko eskatu du Voxek. Urkulluk lau hilean behin bildu nahi du taldeekin

Iñigo Urkullu eta Carlos Iturgaiz, atzo Ajuriaenean eginiko bilkuran. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
jon olano
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bilera sorta bat abiatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten taldeekin, legealdirako erronka nagusietan «lankidetza eraginkor bat» izateko. Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinez hartu zuen aurrena, eta Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidente eta PP+C's koalizioko legebiltzarkidea gero. COVID-19aren izurriaren kudeaketa erabat baldintzatzen ari da legealdi hasiera, eta horri begira lankidetza eskaini zion Iturgaizek Urkulluri; Martinezek, berriz, eskatu zion herritarrei informazio zehatza emateko pandemiaren egoeraz eta horren aurkako neurriez.

Iturgaizek eman zituen Urkullurekin egindako bilerari buruzko xehetasunak. Haren esanetan, PP+C's koalizioak «elkarrekin» lan egitea eskaini dio COVID-19a eta hark eragindako atzeraldi ekonomikoa gainditzeko: «Euskadiren arazo larrien eta tragediaren aurrean ez dago ez kolorerik, ez alderdirik, ez ezker edo eskubirik». Iturgaizek uste du beharrezkoa dela ados jartzea izurria eta haren ondorioak gehien nozitzen ari diren sektoreei laguntzeko, eta horien adibide jarri ditu autonomoak, ostalariak eta merkatariak: «Ez da zatiketarako garaia. PP+C's beti egongo da lehendakariaren eta Jaurlaritzaren ondoan herri hau krisitik ateratzeko».

Koronabirusaren bilakaera izan zuten hizpide Urkulluk eta Martinezek ere. Bilera «testuinguru instituzional lasai eta eroso» batean egin zuten, eta Martinezek eskatu zion «adituen mahai» bat osatu dezala, «zorroztasun zientifiko eta pedagogia sozial handiagoa» izateko eta pandemiak eragindako «kaosa» konpontzeko. Era berean, «erresistentzia neurriak» hartzeko eskatu zion, «kalterik handiena sufritu duten taldeen beharren %100 betetzeko».

Beste gai batzuk ere izan zituzten mahai gainean, halere. Martinezen hitzetan, atzoko bilerara eraman zuen xedea izan zen Voxen kontra Eusko Legebiltzarrean ezarritako «babes hesia» amaitzea, hura «erabat antidemokratikoa eta antikonstituzionala» delakoan: «Gure lana da eztabaidatzea gurekin bat ez datozen proposamenak ere». Gainera, azaldu zuen alderdi ultraeskuindarraren «lerro gorria» dela «ETA zuritzea», eta erantsi zuen «borrokatuko» dela «etakideen omenaldi publikoak» eragozteko eta ETB «euskal herritar guztientzako telebista» izateko, «inpartzialtasunean eta objektibotasunean oinarrituta».

PP+C's-eko eta Voxeko ordezkariekin eginiko bileretan azaletik hitz egin zuten datorren urterako aurrekontuez; Martinez- ekin, Urkulluk «eskua luzatu» zion kontuak negoziatzeko, baina ez zuten gehiago sakondu, «gai garrantzitsuagoak» zeuzkatelako hitz egiteko. Iturgaizekin, berriz, ez zuten gaia «batere» landu, Iturgaizek uste baitu «premiazkoena» dela «krisi honetatik elkarrekin irtetea».

«Marra gorria»

Haatik, «marra gorri» bat jarri zion Urkulluri: akordiorik ez egitea «gaur egun indarkeria gaitzetsi gabe jarraitzen edo hura justifikatzen edo goraipatzen dutenekin». Iturgaizen aburuz, EH Bildurekin «ez dago ezer negoziatzeko edo adosteko, indar demokratiko bat ez den bitartean», eta ez luke begi onez ikusiko autogobernuaren arloan federazio subiranista izatea EAJren «dantzarako kidea»: «Hori gertatzen bada, inoiz ez dute izango PP+C's-en babesa».

Atzoko bileren ostean, Urkullu EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin batzartuko da etzi, bakarka. Aurrerantzean, lehendakariaren asmoa da alderdiekin eginiko bilera sorta hori lau hilean behin egitea, horrela «harreman esparru bat» osatzeko. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseiluko atzoko bileraren ondoren azaldu zuenez, bilkura horien xedea da talde parlamentarioekin elkarrizketa kanalak ezartzea, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioez harago.

Zupiriak gogorarazi zuen Jaurlaritza 2021erako aurrekontu proiektua onartzeko «atarian» dagoela eta alderdiei «harreman marko» hori eskaini nahi diela aurrekontuez eta legealdiko erronka nagusiez hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.