«Jabeei esan diegu etxean geratuko garela, legeak babesten gaituela»

Daniel Scottek eta haren familiak iruzurrezko alokairu kontratu bat dute, eta iaz erabaki zuten salaketa jartzea eta udan etxean geratzea. Han daude oraindik, epaiketaren zain.

Daniel Scott, Orion. BERRIA
Daniel Scott, Orion. BERRIA
Paulo Ostolaza.
Orio
2026ko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«'Etxean geratu gaitezke orduan?’, galdetu genien etxebizitza sindikatuko kideei, eta baietz esan ziguten, legeak babesten gaituela. Guretzat sekulakoa izan zen: ez genuen sinesten». Daniel Scottena da testigantza; Orion (Gipuzkoa) bizi da, bikotekidearekin eta semearekin, eta aldi baterako alokairu kontratu bat dute, iruzurrezkoa. Kontratuak dioenaren arabera, udan etxetik alde egin beharko lukete, baina, iaz, planto egin eta bertan geratu ziren. Han segitzen dute.

Izatez, Argentinakoak dira Scott eta haren familia, baina hainbat urte daramatzate Euskal Herrian. Azkenekoz duela hiru urte itzuli ziren, 2023ko martxoan: «Aurrez Usurbilen bizi izandakoak gara, eta hemen inguruan hasi ginen etxe bila». Orion topatu zuten alokairu bat, Basque Local Rentss enpresak kudeatzen zuen etxebizitza turistiko bat.

Lehen kontratua martxotik ekainerakoa zen. Maizterrek, ordea, Orion bizitzen gelditzeko asmoa zuten, eta hasieratik hala jakinarazi zioten enpresari. «Esan ziguten beste pisu bat topatuko zigutela, baina ez zuten ezer aurkitu, eta, azkenean, beste urtebetez bertan geratzen utzi ziguten, 2024ko ekainera arte», kontatu du Scottek. Pandemia igaro berria zen, eta turismoa erabat suspertu gabe egoteak lagundu zielakoan dago.

«Oso garrantzitsua da besteekin elkartzea, sindikatu batekin kontaktua izatea. Bakarrik egonda, zaila da guk hartu genuenaren pareko erabaki bat hartzea»

DANIEL SCOTT Maizterra

Urtebete geroago, etxea utzi eta Benaventera (Espainia) joan ziren uda pasatzera, han lagun batzuk zituztelako, eta Scotten lanak horretarako bide ematen zielako. Irailean itzuli ziren Oriora, baina baldintza berarekin berriz ere: udan etxea uztea.

Ordurako kezka pizten zien egoerak: «Zaila zen guretzat, batez ere semearentzat. Autismoa diagnostikatua du, eta egonkortasuna behar du». Scottek asumituta zuen udan etxea utzi beharko zutela berriro, baina haren bikotekideak zioen egoerari aurre egin behar ziotela. «Argi genuen ez zela justua, baina etxea galtzeko beldur ginen».

Apirilean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Donostian antolatutako manifestazio batera joan ziren, eta han jasotako eskuorri bati esker egin zuten harremana. Urola Kostako sindikatuko bi kiderekin elkartu ostean erabaki zuten borroka egitea eta uda horretan etxean geratzea.

Hainbat bileraren ostean, etxea kudeatzen zuen enpresari burofax bat bidali zioten: «Esan genien etxean geratuko ginela, legeak babesten gintuela, eta bost urterako alokairu kontratu bat zegokigula. Horrela hasi zen borroka».

Euren egoeraren berri zabaldu zuten sindikatuak argitaratutako bideo baten bidez, eta, Scotten arabera, orduan «nahastu» zen kontua. Enpresako abokatuak deitu zien, eta «oso modu txarrean» hitz egin, mehatxuka eta salaketa jarriko zietela esanez. «Sindikatuko abokatuak, ordea, argi utzi zigun mehatxuek ez zutela ez hanka ez buru, gu kikiltzeko soilik zirela, eta gure ezjakintasunaz aprobetxatzeko modu bat zela hura». Horregatik ez zieten jaramonik egin.

Maizterrei buruzko gezurrak ere zabaldu zituzten prentsan. Scottek eta bikotekideak hasieratik izan zuten argi euren borrokaren berri eman nahi zutela, «egoera berean daudenei laguntzeko»: «Guk albiste on bat jaso genuen, eta egoista litzateke besteei ez kontatzea. Jende asko dago egoera berean». Ez da damutzen, baina aitortu du erabaki horrek badituela ondorioak.

Negoziatzeko saiakera

Azkenean, uda etxean pasatu eta gero, demanda bat jarri zioten enpresari. Aurrez, saiatu ziren negoziatzen; aurrez aurre ere elkartu ziren pare bat aldiz kudeatzailearekin, baina alferrik: «Eskaintza oso eskasa egin zigun, eta oso gaizki portatu zen nirekin; gure kontu pertsonalak baliatu nahi izan zituen presio egiteko».

Prozesu judizialari buruz ez dute ezer jakin ordutik. Zain daude, eta alokairua ordaintzen segitzen dute bitartean: hilean 1.050 euro.

Amaitzeko, Scottek mezu bat helarazi nahi izan die antzeko egoeretan daudenei: «Oso garrantzitsua da besteekin elkartzea, sindikatu batekin kontaktua izatea, eta bakarrik ez egotea. Sindikatuak asko laguntzen digu guri, eta akuilu bat ere izan da. Bakarrik egonda, zaila da guk hartu genuenaren pareko erabaki bat hartzea, beldurragatik batez ere. Jo ateak, eta informatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA